2017-2020 Industrializazio Plan berria jauzi kualitatibo bat izango da industria-politikaren jarraitutasunean. Horrela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Arantxa Tapiak, asmo handiko plan honen aurkezpenean: guztira 1.225 milioi euroko zuzeneko aurrekontua du, eta %25eraino gehitu nahi du euskal BPGren pisua industrian.

Enpleguaren eta Berraktibatze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programan (Euskadi 2020) kokatzen da plana, eta lehiakortasunaren eremuko ekimen guztiekin zuzenean lotuta egin da, nola baitira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Plana; 3E2030 Energia Estrategia; onartu berria den Ekintzailetza Plana 2020; Enpresak Nazioartekotzeko Plana;  Agenda Digitala 2020; Enplegu Estrategia, LHko hezkuntza-planak eta Unibertsitate Plana, baita Garraio Iraunkorreko Plan Zuzentzailea ere.

Dokumentuak euskal industriaren erronka handitzat identifikatzen ditu aberastasunaren (jarduera gehiago eta enplegu gehiagoren) sortzailea den industriarantz aurrera egitea; industria irekia (nazioartekotzeko ardatz esklusiboarekin); industria aurreratua (4.0 industrian lehiakorra ahalegin gehigarriarekin digitalizazioan); eta pertsonen alde egiten duen industria (prestakuntza handiagoa eta aitortza handiagoa enpresaburuei).

3 helburu estrategiko identifikatu dira:

  1. Industriaren pisu handiagoa ekonomian, euskal BPGren %25era iristeraino.
  2. Kalitate handiagoa eta industriaren lehiakortasun handiagoa 4.0 industriaren paradigma berriaren ildotik, non industriak bere jarduera-perimetroa zabaldu eta ekoizpena baino zerbait gehiago izatera jotzen duen.
  3. Jaurlaritzaren industria-politika modernizatzen eta perfekzionatzen jarraitzea, programa aurreratuekin eta baliabide publikoen erabilera gero eta eraginkorragoekin.

Honela, 4.0 industria 4.0 zehar-ardatz gisa planteatzen da Planean, batetik, euskal industriaren digitalizatzea sustatuko duena, teknologiei eta negozio-ereduei dagokienez, bai enpresak eta bai balio-kateak digitalizatzearen bidez; eta bestetik, 4.0 industriari loturiko zerbitzu aurreratuekin erlazionaturiko lanbide-profilen prestakuntza.

Jasotako ekinbideen artean nabarmentzekoak dira:

  • Jauzi kualitatiboa enpresen nazioartekotzean, Plan honetan “ardatz” baten indarra duena.
  • Finantza-tresnak berriro bat etortzea enpresen premia berriekin eta lehentasun berriekin, euskal enpresen hazkundearen eta sustraitzearen bultzada barne.
  • I+G aurrekontuaren %5eko hazkundea urtean.
  • Inbertsioak erakarri eta atxikitzeko estrategia indartzea (SPRIren Invest in the Basque Country).
  • Mugikortasun elektrikoari loturiko industria sustatzeko plana.
  • Erreferentziazko enpresa-proiektu berri bat gutxienez bultzatzea 4.0 industriaren eremuan.
  • Teknologia-eragileen eginkizuna sendotzea Euskadiren industria-garapenean.
  • Digitalizatzeko balio-kateen proiektuak bultzatzea (trakzio-enpresa + hornitzaileak) ETEen leize digitala gainditzeko, a priori Basque Industry 4.0 programa egokituz.
  • Punta-puntako eskualdeekin akordioak ezartzea: Alemania (Industrie 4.0) eta Eskandinavia.
  • Enpresen arteko eta sektoreen arteko lankidetza sendotzea.
  • Zailtasunak dituzten enpresei laguntza bermatzea.
  • Industria-lurra gehitzea, ingurunearen aldaketetara egokituriko ikuspegi berriarekin.
  • Industria eta energia-sustapenerako plan sektorialak: energia eolikoa, biomasa, geotermia, autokontsumoa (eguzki fotovoltaikoa barne) eta energia ozeanikoak.
  • Lan-eskaintza eta eskariaren arteko doikuntza bultzatzea, industria-politikaren, hezkuntza-politikaren eta enplegu-politikaren arteko jarduera koordinatuaren bidez.

2017ko aurrekontutik abiatuz, 2017-2020 denboraldi osora Planaren estrapolatzeak gutxi gorabehera 1.225 milioi euroko zuzeneko aurrekontua esleitzea eskatuko luke, urteko hazkunde orokorra %1,2 eta %5ekoa izanik berrikuntza-partidetan, Gobernu Programan hartutako konpromisoaren arabera.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago