Horizon Europe programak bere 2. Zutabeko aurrekontuaren % 50 lankidetza publiko-pribatutik sortutako I+G+b proiektuak laguntzera bideratzeko asmoa du

2021eko apirilaren 22ko erreportajea 

Herrialde aberatsek zientzian inbertitzen dute, ala esan beharko ote dugu zientzian inbertitzen duten herrialdeak aberatsak izaten amaitzen dutela? Europako Batzordeak oso argi dauka galdera horren erantzuna, eta, horregatik, bere helburuetako bat da ahalik eta eragile gehienen inplikazioa lortzea I+G+b arloko jardueran eta, bereziki, etorkizun berde, erresiliente eta digitalago batera bideratuko gaituenean. Esparru-programa berrian, helburu hori 2. zutabean jasotzen da. Zutabe horren xedea ezagutza lankidetzan eraldatzea da, gizartean eta Europako industrien lehiakortasunean benetako eragina izan dezan.

Europa iraunkorragoa lortzeko, erronka global batzuei aurre egin behar zaie (Nazio Batuen Erakundeak bere Garapen Iraunkorrerako Helburuetan adierazitakoak), baina baita ‘tokiko’ batzuei ere. Horien artean, bat funtsezkoa izango da, zientziako inbertsioaren eta hazkunde ekonomikoaren nahiz gizarte-ongizatearen arteko paralelismo egiaztatua dela eta. Mundu‑mailan lehen kategoriako ikerketa dugun arren, gure ikerketak merkatuan duen eraginari dagokionez nabarmen jaisten gara. Ikerketaren emaitza asko tiraderan gordeta geratzen dira, merkatuak edo gizarteak ustiatu gabe. Beraz, Europar Batasunak duen zientziako lidergoa berrikuntza eta ekintzailetzako lidergo bihurtu behar du.

Ondorioz, xede horretara bideratutako funts publikoak handitzeaz gain, EBk bere enpresei azaldu behar die sektore pribatuko lankidetza ezinbestekoa dela helburu komun horiek lortzeko. Edozein tamainatakoak izanda ere, bazkide inbertitzaileak izan behar dute. Horregatik, Horizon Europek ahalegin publiko eta pribatuen koordinazioa sistematizatzeari garrantzi berezia emango dio, eta lankidetza hori I+G+b arloko Europako estrategiaren oinarrizko baliabidea izango da, ez baitugu ahaztu behar orain arte onartutako bederatzi programetatik diru-kopuru handiena duen esparru-programa dela.

Horregatik, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzeko orduan ahalegina ez zatikatzeko, Batzordeak garapenerako lankidetza bezalako tresnen aldeko apustua egiten jarraituko du. Lankidetza horiek Batzordearen beraren eta erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarteak dira, eta Europako erronka premiazkoenetako batzuk elkarrekin jorratzen dituzte, ikerketa- eta berrikuntza-ekimenen bidez. Horrela, enpresek elkarlanean dihardute Batasuneko edozein herrialdetako unibertsitate, ikerketa-zentro, sozietate publiko, fundazio edo gobernuz kanpoko erakundeekin. Horri esker, ikerketa- eta ezarpen-zikloko funtsezko eragile potentzial guztiak biltzen dira, eta, horrela, erraztu egiten da proiektuan sortutako berrikuntzak ahalik eta lasterren eremu esperimentaletik gizartera igarotzea. Horrez gain, ez da ahaztu behar garapenerako lankidetzan eragile desberdinek parte hartzeak hainbat ikuspegi emango dizkiola Batzordeari, etorkizuneko berrikuntza-politiketan erronka edo behar komunei aurre egiteko.

 

Zein arlo jorratzen dituzte garapenerako lankidetzek?

Horizon Europe esparru-programaren helburu estrategikoen arabera, garapenerako lankidetzek nabarmen lagundu behar dute Europar Batasunaren lehentasun politikoak lortzen, hala nola Itun Berdea[1] edo Estrategia Digitala[2]. Hau da, garapenerako lankidetza horiei laguntzen dieten proiektuek eragin sozial handia izatea espero da, eta horrek justifikatzen du 2. Zutabeko funtsen erdietarako aurreikusitako xedea izatea, 53.500 milioi euro baino gehiagokoa, alegia.

Zehazki, garapenerako lankidetzak bost lan-arlotan bilduko dira:

-Osasuna. EBk honako gai hauekin lotutako ikerketak lehenetsiko ditu: osasun-sistemen eraldaketa, gizarte zaharkitu eta digitalera egokitzeko; medikuntza pertsonalizatua; gaixotasun arraroak; arrisku kimikoen ebaluazioa; eta osasun-programa globalen garapena.

-Digitala, industria eta espazioa. Lehentasuna emango zaie funtsezko teknologia digitalen garapenari (Adimen Artifiziala, Big Data edo robotika), sare eta zerbitzu adimendunei, fotonikari, metrologiari, sistema espazialei edo klimari begira neutroa izango den fabrikazioari lotutako proiektuei.

-Klima, energia eta mugikortasuna. Garapenerako lankidetza horien helburuen artean daude, besteak beste, Europako trenbide-sistema eraldatzea, aire-trafikoa modu integratuan kudeatzea, garraioaren igorpenak ezabatzea, energia sortzeko eta biltegiratzeko alternatibak bilatzea, hidrogeno garbia ekoiztea edo eraikuntzaren ingurumen-inpaktua murriztea.

-Elikadura, bioekonomia, baliabide naturalak, nekazaritza eta ingurumena. Arlo horretan, ikerketen ardatzak izango dira egungo nekazaritza-ereduetatik iraunkorragoetarako trantsizioa bizkortzea, elikagaien segurtasuna, animalien osasun-kontrola, gaixotasun infekziosoen aurkako borroka, biodibertsitatearen babesa edo ekonomia zirkularraren sustapena.

-Zeharkako gaiak. Talde honetan, esparru-programaren beste zutaberen batean egindako proiektuak sartzen dira[3], hala nola Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuak (EIT) edo Zientzia Irekiaren Europako Hodeiak (European Open Science Cloud, EOSC) garatutakoak.

 

Zein motako garapenerako lankidetzak daude?

Esparru-programaren 2. Zutabeak hiru elkarte mota zehazten ditu:

-Elkarrekin programatutako garapenerako lankidetzak: Batzordeak bazkide publiko eta pribatuekin lan egiten du, elkar ulertzeko eta gai estrategiko jakin batzuk ezartzeko ibilbide‑orri komun bat egiteko, hala nola fabrikazio iraunkorra, adimen artifiziala eta robotika, fotonika edo errendimendu handiko konputazioa. Lankidetza horren emaitza Batzordeak Horizon Europen egingo dituen deialdien bidez finantzatuko dituen gaietan gauzatuko da.

-Elkarrekin finantzatutako garapenerako lankidetzak: lankidetza-eredu horretan, Batzordeak bazkide publiko eta pribatuekin programa komun bat adosten du, eta bazkide horiek gauzatzen dituzte jarduerak; gainera, funtzionamendurako finantza‑laguntza eta laguntza materiala emateko konpromisoa hartzen dute. Hor sartzen dira ERA-NET[4] izenekoak. Horien bitartez, herrialde eta eskualde batzuek beren estrategiak koordinatzen dituzte zenbait eremu teknologikotan, eta I+G+b proiektuak finantzatzeko deialdiak egiten dituzte; batzuetan Batzordeak berak finantzazio gehigarria ematen du.

Garapenerako lankidetza instituzionalak: Horizon Europeren beste zati batzuek, beste bi garapenerako lankidetza-moduak barne, helburuak lortu ezin dituztenean edo espero diren inpaktuak sortu ezin dituztenean soilik ezartzen dira. Elkarte horiek prestatzeko, EBren legedi berria eta lege-egitura espezifikoak ezarri behar dira. Ondorio praktikoetarako, garapenerako lankidetza bakoitzak bere ibilbide-orria zehaztuko du, eta proiektuak aurkezteko deialdiak ezarriko ditu. Adibidez, Ekimen Teknologiko Bateratuak (Joint Technology Initiatives edo JTI) hartuko dituzte, aeronautika edo trena bezalako sektoreetan eta hidrogenoa edo sendagai berritzaileak bezalako alorretan. KIC izenekoak ere (Knowledge Innovation Communities) kategoria horretan sartzen dira, eta lankidetza estua sustatzen dute enpresa-munduaren, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen artean.

Euskadiren jarrera ez da berria Batzordearekiko mota horretako elkarteetan. Azken urteotan, Euskadiko zientzia- eta teknologia-eragile askok lan egin dute lehendik zeuden garapenerako lankidetzetan. Izan ere, eragile, zentro teknologiko eta unibertsitate horietako asko gobernu‑organoetako kide izan dira, gutxienez, aurreko esparru-programan (Horizon 2020) martxan egon diren eta enpresek (kontratuzko PPPak) eta Elkarte Publiko Pribatu Instituzionalek (JTI) zuzendutako elkarte publiko pribatuen % 77an. Adibide gisa, aipatzekoak dira Euskadiko zentro teknologikoen, unibertsitateen eta enpresen ordezkaritza garrantzitsua “Factories of the Future” delakoan; fabrikazio aurreratuko ikerketari eta berrikuntzari buruzko garapenerako lankidetza, Horizon Europen elkarrekin programatutako “Made in Europe” garapenerako lankidetzan integratuko dena; edo Euskadik eskualdera EIT Manufacturing eta EIT Food erakundeen bi nodo europar ekartzea lortu izana.

 

 

 

[1] ESTEKA POSIBLEA: https://ec.europa.eu/info/strategy/priorities-2019-2024/european-green-deal_es

[2] ESTEKA POSIBLEA: https://ec.europa.eu/info/strategy/priorities-2019-2024/europe-fit-digital-age_es

[3] Lehen artikulurako esteka

[4] Bigarren erreportajerako esteka

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago