Vicente Atxa, Jose Maria Guibert eta Iñaki Goirizelaia errektoreek joan zen astean eman zioten hasiera euskal unibertsitateen 2016/2017 ikasturteari. Mondragon Unibertsitate, Deustuko Unibertsitate eta UPV/EHUko agintari gorenek, hurrenez hurren, ikerketaren balioa errebindikatu zuten hasierako hitzaldietan.
Honela, Deustuko Unibertsitateak 130 urte betetzen dituenean, eta Deusto Business School-ek mendeurrena, ikerketaren finantzaketa gizarte-eraginarekin lotzearen eztabaida ireki zuen errektoreak. Haren iritziz, zentroek, eragin-indize akademikoak neurtzeaz haratago, egiten duten ikerketaren gizarte-eraginaz galdetu behar diote beren buruari. Horretarako, Deustok plan zuzentzaile bat diseinatu du ikerketaren gizarte-eragina sustatzeko. Azterketak, ikastaroak eta ekintzak egin dira Deusto gizarte-eragileekin lotuko duten proiektuak bultzatzeko; eta ikerketa-sariek eta deialdiek gizarte-eraginaren dimentsioa sartu behar dute… Ekinbide hauen helburua Deustuko ikerketaren ekintza eraldatzailea agerian jartzea da, garapena, ongizatea edo gizarte-justizia planteatzen duten gaiak indartuz, gizarte bidezkoago eta anitzagoetarako aldatze-prozesuetan lagunduz.
Halaber, ekainean baterako adierazpena egin zuten Deustok, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordetzak Unibertsitate Ikerketaren Gizarte Eragina sustatzeko. Joan zen ikasturtetik martxan dagoen beste proiektu bat “diziplinarteko ikerketa-plataformak” dira, benetako gizarte-erronkei hainbat jakintza-arlotatik erantzutea bilatzen dutenak. Deustok bost erronka aukeratu ditu: zahartze aktibo eta osasungarria; genero-berdintasuna; hiriak eta kultura- eta sorkuntza-industriak; justizia, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa; herritarren parte-hartzea. Horietako bakoitzarentzat diziplinarteko plataformak ari dira sortzen, hainbat ikerketa-lantalde monotematikoren talentua batuz.
Deustuko Unibertsitateak 2016-2017 ikasturte honetarako 6.724 ikasle espero ditu guztira, hau da, graduko ikasleak %17 gehitu dira hiru urtean. Deustuko ikasleen zifra osoa handiagoa da, 110.000 ingurukoa, gradu ondoko eta beste zentro batzuetako ikasleekin. Esteka honetan eskura daiteke Jose Maria Guibert errektorearen hitzaldi osoa.
Bestalde, Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko (MU) errektoreak, bere erakundearen ikasturtearen hasieran esan zuen Euskadiren etorkizunak, herrialde aurreratu gisa, prestakuntzan eta ikerketan gehiago inbertitzea eskatzen duela. Basque Culinary Center-en aipamen berezia ere egin zuen, fakultate gaztea izan arren 6 urteko bizitzarekin bakarrik, gastronomia bezalako arlo baten prestakuntza, berrikuntza, nazioartekotzea eta bultzada ekonomikoa uztartzen baititu. Atxak hiru ardatz estrategikoren inguruan egin zuen bere hitzaldia: ezagutza, berrikuntza eta talentua, Euskadiren lehiakortasunaren oinarri gisa, horietan trakzio-eragile izan nahi duelarik MU-k. Mondragon Korporazioko unibertsitateak unibertsitate-hezkuntzaren berrikuntzan lider izan nahi du, baita nazioartera are gehiago ireki eta enpresekin elkarlanean egindako ikerketa-ereduan lider izaten jarraitu ere. Unibertsitateek prestakuntza eta ikerketaren aldeko itun egonkorra sinatzearen garrantzia azpimarratu zuen Atxak, ezinbesteko zutabeak baitira ezagutza edo jakintzan oinarrituriko ekonomia eraikitzeko: “Uste dut Euskadi industriala eraikitzeko inbertsiorik onena dela, ongi prestaturiko jendearekin, balio erantsi handiko enpleguarekin, hau da, etorkizuneko Euskadi hori”.
Horren haritik, Iñaki Goirizelaiak bere agintaldiaren azken urtea du aurrean eta bere hitzaldia aurreskua dantzatuz egin zuen; alderdi politikoei “epe ertain eta luzerako ituna” eskatu zien, unibertsitatean, baita I+G+b-n ere, inbertsioa bermatuko duen ituna. UPV/EHUko errektoreak gogorarazi zuen unibertsitate honek ia 58.000 ikasle izan zituela iazko ikasturtean eta 7.000 pertsonari ematen diela enplegua. Euskadi munduan kokatzeko orduan euskal erakunderik garrantzitsuenetakoa dela ere esan zuen, eta nabarmendu zuen “nazioartean aitorturiko unibertsitate ikertzailea” dela, Shangaiko rankingean “presentzia egonkorra” duena.
Eta erantsi zuen: “272 ikerketa-talde ditugu. 2015ean prestigiozko 2.736 argitalpen egin genituen nazioartean, eta duela zortzi urte 1.600 egiten ziren”, eta 36 urteko historian bere ikasgeletatik 300.000 pertsona baino gehiago igaro direla azpimarratu zuen. Goirizelaiak bereziki azpimarratu zituen genero-berdintasuna bezalako erronkak, eta “gizarte hirueledunaren alde” egin zuen irmo, “bereziki zainduz” euskara. Esteka honetan irakur daiteke errektorearen hitzaldi osoa.