FLL Euskadi hasteko 6 aste falta dira. Robota diseinatu eta programatzeaz gain, parte-hartzaileek zientzia-proiektua aurkeztu behar dute, eta aurten hondakinen ingurukoa izango da. Proposamenak hobetu eta bideratzeko helburuaz, FLL Euskadi-ren antolatzaileek jada arlo honetan lanean ari diren enpresetara eta teknologia-zentroetara eramaten dituzte neska-mutikoak, “in situ” ezagut ditzaten xehetasunak.

Asmo honekin, ikasle talde batzuk Indumetal Recycling-ek  Erandion duen fabrikara joan dira, bertan tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzen baitituzte.

Han ikusi ahal izan dute zabortegirako hondakinetatik nola ateratzen dituzten kalitate handiko baliabideak, industria-merkatuan berriro erabil daitezkeenak.

Ildo beretik, beste talde batzuek Tecnalia Energia eta Ingurumen-era joateko aukera izan dute, eta bertan ekonomia zirkularra zer den azaldu diete: hondakinak beste produktu batzuetarako lehengai gisa erabiltzen dituena, alegia.  

Datozen egunetan Euskaltel, Alboan, ZTE, Ausolan, Bridgestone, Tecnalia Salud eta Gaiker IK4-k ere ikasle taldeak hartuko dituzte gai hauetan sakontzeko gogoarekin.

Taldeak beren proiektuak amaitzen ari dira abenduaren 12koari begira. Orduan defenditu beharko dituzte beren proposamenak profesionalez osaturiko epaimahai baten aurrean. Zorte on guztioi!

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago