FIRST Lego League Euskadiren ordezkaritzari harrera egin dio gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egoitzan, bere hamargarren urteurrenaren ospakizuna dela eta. Barakaldoko El Regato ikastetxeko eta Donostiako Axular Lizeoko ikasleek beren robotak eta zientzia-proiektuak erakutsi dituzte. Beraiekin batera proiektuaren erakunde laguntzaileak, boluntarioak eta irakasleak izan dira. Halaber, ekitaldian izan dira Cristina Uriarte, Hezkuntza-sailburua; Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea Estibaliz Hernáez; Scientia Fundazioko lehendakaria, Ricard Huguet; eta Berrikuntzaren Euskal Agentziako lehendakaria eta zuzendaria, Manuel Salaverria eta Leire Bilbao, besteak beste.

Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatuta, FIRST Lego League Euskadi STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts & Ma­ths-en ingelesezko akronimoa) Hezkuntzaren erreferentziazko prestakuntza-programa da Euskadin, euskal gazteen zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzen dituena. 10 urte hauetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 6.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte ekimen honetan; urtero egiten da ehun bat herrialdetan, eta euskal taldeek arrakasta handiak izan dituzte bertan.

STEM lanbideetan gaikuntza handiko profesionalen eskaerak gehituz jarraituko du datozen urteetan eta, hala ere, unibertsitate-ikasleen kopurua ikasketa hauetan ez da hazten proportzio berean, eta ondorioz talentu-defizita ari da sortzen. Egoera hau ez da Euskadikoa bakarrik, mundu osoan ematen baita.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago