Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, “Enpresen berrikuntza eta I+G arloko politiken eta programen joerak” txostena egin du. Austria, Finlandia eta Portugalgo kasuak aztertu ditu, herrialde horietan nabarmen handitu baita berrikuntzak egiten dituzten enpresen kopurua eta enpresa hauek berrikuntzetara bideratzen duten inbertsioa. Argitalpenak berrikuntza bultzatzeko politiken joerak identifikatu ditu, Europako hiru herrialde horietan arrakasta erakutsi dutenak. 

Austriari dagokion txostenak azpimarratu du Europa erdialdeko herrialdeak bere BPG-aren % 2,23a bideratzen duela enpresa berrikuntzara. Europar Batasunean bigarren tokian jartzen du horrek, Suediaren atzetik. 2012 eta 2019 artean enpresa austriarrek % 60,2 gehiago inbertitu zuten I+D-n. Jarduera hauen finantzazio publikoa aldiz, % 9,3 hazi zen.

Finlandiaren kasua deigarria da Europar Batasuneko herrialderik berritzaileena delako eta hiru urteko epean bakarrik lortu duelako bere enpresen I+D inbertsioa % 13 igotzea. Nokiaren beherakadak sortutako hondamendiaren ondoren, susperraldia eta berrikuntza maila finkatzea lortu dute finlandiarrek.

Portugalek, bestalde, hainbeste hobetu zuen bere berrikuntza maila, non 2020an Europar Batzordeak berrikuntza altuko estatu izendatu baitzuen, batez ere, 2010 eta 2016 bitartean % 12 igo zuelako ETE berritzaileen kopurua. Hala ere, bultzada honek ez zuen denboran iraun eta 2021ean haren berrikuntza maila jaitsi egin zen.

Txostenak hemen kontsulta daitezke: Austria, Finlandia eta Portugal.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago