Enpresek prestakuntza handiko profesional gero eta gehiago behar dituzte zientzia eta teknologiaren arloetan, eta horiek dira, gainera, ordainsari onenak dituzten lanbideak.  Lan-etorkizun handiena duten ikasketak zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikekin lotuta daude, STEAM ingelesezko siglen arabera. Hala ere, ikasketa teknikoetako matrikulazioak gutxitu egin dira, eta, Hezkuntza Ministerioaren datuen arabera, nesken % 26k soilik ikasten dituzte gisa horretako karrerak, unibertsitateko ikasleen % 54 emakumezkoak diren arren.

Euskadin, STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategia bultzatzen du Eusko Jaurlaritzak, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, Innobasqueren, laguntzarekin; hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa hezkuntza-etapa guztietan bultzatzea du helburu, eragile sozio-ekonomikoak ere inplikatuta.

Genero-arrakala nabarmena gainditzeko, halaber, “bokazio eta asmo profesionalak inspiratu nahi ditu zientzia eta teknologiaren arloetan, arreta berezia jarriz emakumezko ikasleei, etorkizuneko erronken aurrean behar bezala prestatzeko”; izan ere, neskatoek zientzialari edo teknologo izan nahi badute, erreferentzia izango diren emakumeak ezagutu behar dituzte. Hain zuzen ere, Deustuko Unibertsitatearenak diren eta norabide horretan dauden bi ekimenekin lankidetza estuan dihardu Innobasquek: Inspira STEAM eta Emakume Teknologoaren Ada Byron Saria.

Gaur arratsaldean, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak “Emakumeak erronka sozial handien aurrean” jardunaldian parte hartuko du Bilbon, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatuta. Bertan, enpresen, erakundeen, ezagutza-zentroen eta I+G arloko eragileen, ikastetxeen, hedabideen, emakumeen eta gizonen lankidetza eskatuko du, “askotarikoagoa eta, beraz, berritzailea, eta, jakina, bidezkoagoa izango den etorkizun horren eraikuntzaren protagonista izateko”.

Horrela, Innobasquek babesa ematen dio 2016an Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatutako Emakume eta Neska Zientzialarien Egunari. Izan ere, Nazioarteko Egunek gizartea interes handiko gaien inguruan sentsibilizatzen dute, eta hedabideen eta gobernuen arreta deitzen dute neurriak hartzeko eta aldaketak eragiteko.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago