Urriaren 26an Innobasque Exchange-ren zazpigarren edizioa izango da, lankidetzazko prozesuen bidez erakundeen berrikuntza sustatzen duen ekinbidea. Oraingoan, 8 enpresak beren proiektuak aurkeztuko dituzte, beren proposamenak aberasten eta gauzatzen lagun dezaketen itunak bilatzeko helburuarekin. Binarysoul, Bikonsulting, Kimetsport, Babyduino, Warantum, Irisbond, Comparko eta Bajoelagua Factory enpresek sinergiak bilatuko dituzte beren proiektuekin aurrera egiteko. Ezagutu nahi dituzu eta berrikuntza egiten lagundu? Hemen eman dezakezu izena.
Binarysoulek MotionBOx aurkeztuko digu, soluziobide interaktibo osoa: 3D elementuen kontrol eta bisualizazioa eskuen keinuz bakarrik egiten da, teklatuak edo beste gailu batzuk zuzenean ukitu beharrik gabe. Zure 3D diseinuek bizia hartuko dute eta beraiekin eragin-trukean arituko zara. 3D elementu bakoitza hautatu, biratu edo desmuntatu ahal izango duzu. Kontzeptu iraultzaile berri bat, zure stand-etan edo makina erremintaren arloan aplikatzeko.
Bikonsultingen eskutik, Guztion Onaren aldeko Udalerrien Plataforma ere ezagutu ahal izango dugu. Ezagutza eta lankidetza trukatzeko on-line espazio honek hainbat tresna eta baliabide eskaintzen dizkie udalerriei, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko kudeaketan laguntzeko. Azken helburua da erakundeek beren ahaleginak guztion onurara bideratzea.
Kimet Sport-en eskutik Kimet Planning iritsiko zaigu. Lehenengo softwarea da, mundu mailan, bere metodologia kirol-federazioek homologatua duena. Software integral honekin era pertsonalizatuan planifikatu eta optimizatu ahal izango da kirol-garapena banako, talde, antolaketa eta ebaluazio mailan.
Babyduino proiektua ere, Hiritar Berrikuntzako Laborategi Iberoamerikarrerako duela gutxi hautatua, hurbilduko da Innobasque Exchange-ra. Open source kit honek, besteak beste, haur txikien edo mendekotasuna dutenen bihotz-erritmoa edo gorputz-tenperatura monitorizatzeko aukera ematen du, inor molestatu gabe. Eta zaintzaileen eta zainduen lasaitasuna lortzen da.
Warantumek bere plataforma ezagutaraziko digu, edozein produktu komertzialen bermeak erregistratzea ahalbidetzen duena. Saltokietarako nahiz erosleentzako, proiektu hau aukera handia da, baldin eta nahi baduzu bermeak, galtzeko beldurrik gabe gorde eta behar duzun guztian beraietara jo ahal izatea.
Beste aldetik, Komunikazio alternatiboko sistema aurreratua da Irisbond Primma “mintzo diren begiradak”, ordenagailua begien bidez kontrolatzeko aukera ematen duena, era zehatz eta intuitiboan.
Gainera, ComParkok bere proiektua ekarriko du, eta edozein partikularrek bere garaje-postua partekatu ahal izango du denbora partzial edo osoz. Web plataforma honek aparteko diru-sarrera bat jasotzea ahalbidetzen du zeuk erabili behar ez duzunean garaje-postua alokatuz.
Azkenik, Bajoelagua factory-k, turismo-berrikuntzako saria jaso duenak, Itsaspean berrikuntzan proiektua aurkeztuko digu, itsas ingurunean ekonomia eta ingurumen aldetik enpresa-proiektu eta ekinbide bideragarriak garatzea bilatzen duena.