Aclima Basque Environment Clusterrak antolatutako Ingurumen arloko Berrikuntzaren eta Transferentzia Teknologikoaren lehen Basque Greentech Foroa atzo egin zen Barakaldoko BECen. Ekitaldiaren lehengo edizio horretan, Itun Berdearen estrategia europar berriak planteatzen dituen bi erronka handi aztertu zituzten: batetik, ekonomia zirkularra, klima-aldaketa eta ingurumenaren kalitatea, eta bestetik, teknologia berriek dakartzaten aukerak eta teknologia horien erabilera ingurumenari lotutako zerbitzu eta produktu berrien bideratzaile gisa. Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Estibaliz Hernaezek ireki zuen ekitaldiaren lehenengo edizioa.

Jardunaldian, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Nazioarteko zuzendari Lola Elejaldek hitzaldi bat eman zuen, mugako berrikuntzari eta inspirazioari buruz. Elejaldek nabarmendu zuen garrantzitsua dela garunaren bi hemisferioak erabiltzeko gai izatea: ezkerrekoa, arrazionala eta logikoa, eta eskuinekoa, intuizioarena eta enpatiarena. “Berrikuntzarako, berrikuntza disruptiborako, mugako berrikuntzarako, pentsamendu ez-logikoa eta egitura logikoa behar ditugu; bi hemisferioak behar dira”, ziurtatu zuen Innobasqueko Nazioarteko zuzendariak.

Horretaz aparte, Elejaldek bertaratuak animatu zituen inspiratzen zituzten zerbait aurkitzera eta bakoitzak barnean dituen teknologiak garatzera, beste ikuspuntu batzuk bilatzera ausartzera eta amets kolektibo bat izatera, amets horretan inteligentzia hori guztia eta ekintza kolektiboa aplikatzeko.

Gainera, Itun Berde Europarraren erronkak aztertu zituzten. EBko Euskadiren ordezkari Marta Marínek, Ihoberen zuzendari nagusi Alexander Sotok eta SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasunaren Arloko zuzendari Cristina Oyónek eztabaidatu zituzten erronka horiek.

Iker Garayk (Airlanen berrikuntza eta garapeneko arduraduna), Carlos Garbisuk (Neikerren zuzendari zientifikoa) eta Soraya Prietok (Tecnaliako Kimika Jasangarriaren Plataformaren arduraduna) ingurumen-kalitatea eta “Zero Pollution” estrategia landu zituzten.

Ekonomia zirkularra ere topaketaren protagonista izan zen, mahai-inguru batean landu baitzen. Hain zuzen, mahai horretan parte hartu zuten Iñaki Artok (BC3ko irakaslea), Ainara Martínezek (MIK S. Coop.-eko ekonomia zirkularrari buruzko proiektuen koordinatzailea), Juan Antonio Gómezek (Semantic Systemseko aholkularitza eta eraldaketa digitalaren arduraduna) eta Jon Zubiriak (Ondoan Taldeko I+G+b arloko koordinatzailea).

Ondoren, B2B bileren txanda bat ireki zen, enpresen eta erakundeen artean aukerak sortzeko. Era horretara, topagune bat ezarri zen ZTBESen (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea) eta ingurumen-sektorearen artean; horri esker, datozen urteetan enpresek aurre egin beharko dieten ingurumen-erronkei eta trantsizio ekologikoari erantzuteko ikerketa- eta teknologia-ildoak zein ziren jakinarazi zen. Enpresen eta ikerketa-sektorearen arteko harremana funtsezkoa da, halaber, ZTBESen teknologietarako industria-aplikazioko ildo berriak identifikatzeko, euskal ekoindustriaren erronkekin lotuta, bai eta enpresekin bat datozen berrikuntza- eta ikerketa-proiektu berriak sortzeko ere. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago