Basque4SC (Sustainable Cities) konferentzia Bilboko Bizkaia Aretoan egin zen atzo, Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Haren xedea izan zen hiri jasangarriei buruzko Europako I+G proiektuetan parte hartu duten eta horretarako interesa duten Euskadiko erakundeak biltzea, esperientziak partekatzeko eta 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparru berriak ematen dizkigun aukerak eztabaidatzeko.
Jardunaldian mahai-inguru bat egin zen, eta bertan parte hartu zuen Lola Elejalde Innobasqueren Nazioarteko sailaren zuzendariak. Bertan, ikerketa- eta berrikuntza-misioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta Europan posizio finkatua edukitzearena, horrek aukera ematen baitu datorrenari aurrea hartzeko.
Konferentziaren gaiaren harira, Elejaldek “Hiri adimendun eta klimatikoki neutroei” buruzko misioa azpimarratu zuen. Misio horren xedea da Europako 100 hiri babestu, sustatu eta erakustea klima-neutraltasunerako eraldaketan, 2030era bitartean. “Jardunbide egokien eta teknologia eraginkorren hedapena eta errepikapena sustatu, gainbegiratu eta ebaluatuko du, hirien eta oro har Europako ekonomiaren onurarako”, azaldu zuen.
Euskadik tradizio arrakastatsua du EBk finantzatutako I+G proiektuetan parte hartzen, hiri jasangarrien sektoreko esperientzia ugari barne. Hala ere, askotan ikaskuntza baliotsuak erakunde eta instituzio askoren artean daude banatuta, eta ondorioz gaitasun kolektibo nabarmena galtzen da. Hori dela eta, funtsezkoa da Euskadiko eragileen proiektu horietako parte-hartzea sustatzen jarraitzea, modu bateratu eta kolektiboan.