UIKren udako ikastaroen baitan (EHU), Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak antolatutako “Berrikuntza euskal ekonomian. Egoera, irismena, aurreikuspenak” ikastaroan Euskadiko berrikuntzaren egoera zein den aztertu da sakontasunez.
Donostiako Miramar Jauregiko bi jardunaldietan, hainbat esparru eta sektoretako adituak izan dira hizlari, euskal berrikuntzaren maila zenbatekoa den zehazten, eta Europaren barnean Euskadi “Goi-mailako Berrikuntzako Eskualdea” zergatik den azaltzen.
Berrikuntzari buruzko foro espezializatu horretan parte hartu du Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, eta, azterketa sakona egin du Euskadiko I+G+b arloaren gaur egungo egoerari, izan dezakeen bilakaerari eta datozen urteetan izango dituen erronka nagusiei buruz.
Alaitz Landaluzek, Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak, aurkezpenaren hasieran azaldu du Euskadi “Goi-mailako Berrikuntzako Eskualdea” dela nazioartean. Landaluzek jakinarazi du Txina eta Estatu Batuak nor baino nor ari direla lidergoa eskuratzeko, eta Europaren bilakaera egonkorra dela I+G arloko inbertsioan.
Testuinguru horretan, nabarmendu du Euskadi 72. eskualdea dela RIS 2023 panelean (Europako lurraldeen berrikuntza maila neurtzen da horretan), Espainian liderra dela berrikuntzaren esparruan, eta, Europar Batasuneko batez bestekoarekin alderatuta, Euskadi %9,8 gorago dagoela.
Euskadiko berrikuntzaren osasuna ona dela erakusten duten beste adierazle batzuk ere eman ditu Landaluzek bere esku-hartzean: horietako bat da euskal enpresek Horizon Europe programan duten parte-hartzea. EBren esparru-programa da Horizon Europe, eta horren finantzaketa-bolumena 2021-2027 aldirako a 96.899 milioi eurokoa da. 2023ko azaroko datuen arabera, Horizon Europe programa horretatik diru-itzulketa handiena izan duen hamazazpigarren eskualdea da Euskadi, Europako funtsen bidez 312,4 milioi euro finantzatzea lortu baita.
Landaluzek hainbat faktore aipatu ditu emaitza horiek azaltzeko: administrazio publikoek eta enpresek I+G arloan egindako inbertsio handia, ikerketari eta garapenari loturiko sektoreetan diharduen biztanleria aktiboaren ehuneko handia eta euskal gazteek STEAM formakuntzarekiko duten interes gero eta handiagoa (Europako batez bestekotik gorakoa).