Patricia Martínez Berrikuntzaren Euskal Agentziako Prospektiba eta Nazioartekotzea proiektuaren arduradunak gaurko egunean parte hartu du Parkeak (Euskadiko Parke Teknologikoen sarea) antolatutako “Zaintzatik Prospektibara” web-mintegian. Web-mintegian parte hartu dute, halaber, aditu gisa, Teknikerreko Gorka Varelak, Tecnaliako Angélica Lópezek eta Prospektibako Ibon Zugastik.
Jardunaldia Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko erakundeei zuzendu zaie esklusiboki, eta bertan erakundeen zaintza-, adimen- eta prospektiba-aukerak jorratu dituzte.
Patricia Martínezek azpimarratu nahi izan du enpresek eta erakundeek prospektiba-kultura eta zaintza-sistema bat ezartzeko beharra dutela, horietako bakoitzean nola aplikatuko den gorabehera.
Zentzu horretan, Tekniker, Tecnalia eta Prospectibako ordezkariek gehitu dute haietako bakoitzak sistema ezberdina erabiltzen duela, baina garrantzitsuena “nola egiten den” dela, eta ez, ordea, “zeren bidez egiten den”.
Martínezek azaldu du Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziak ad hoc prestakuntza eman diela aholkularitza eskatu duten erakunde guztiei, kasu bakoitzean erakundearen behar zehatzei erantzuteko. Elkarrizketak galdera honen bidez hasten dira: “Zer behar duzu zuk?”.
“Innobasque enpresak prestatzen dituen heinean ikasten ari da, eta horregatik sentitzen dugu prozesua gurea balitz bezala”, gehitu du Martínezek. “Gure prestakuntza-saioak learning by doing metodologian oinarritzen dira, eta ez daukate inolako kosturik erakundeentzat. Gainera, batez ere ETE-engana iritsi nahi dugunez, gurekin atxikitzeko kostua oso txikia da”.
Horrez gain, Patricia Martínezek gogorarazi du erakundeetako bitarteko agenteentzako prestakuntza-saioak ere badaudela, maila guztietan, hasi berri denetik erraz moldatzen denera arte. Hori dela eta, Parkeen Sareko Cristina Andrések adierazi du Innobasque “aliatu estrategikoa” dela.
“Eskutik helduko dizuegu, eta ez zaituztegu askatuko; denok egingo dugu arraun norabide berean”, esan du, amaitzeko, Martínezek.