Beste aditu eta buruzagi politiko batzuekin batera hartu du parte Espainiako Hiri Foroaren baitan antolatu den eztabaidan. Foroaren lehenengo edizioa atzo inauguratu zen eta bertan izan ziren Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchez, Sevillako alkate Juan Espadas eta Andaluziako Juntako presidente Juan Manuel Moreno Bonilla.
Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente Manuel Salaverriaren lehen hitzak berrikuntzari buruz hitz egiteko dugun moduaren ingurukoak izan dira: “jada ez du zentzurik berrikuntzaz pandemiaren aurretik genuen perspektibatik aritzeak; pandemia osteko ikuspegitik erreparatu behar diogu orain”. Izan ere, haren hitzetan, COVID-19ak “azkarragoa eta konplexuagoa” den errealitate bat ekarri du, eta, horregatik, “funtsezkoa” da azkar egokitzen jakitea. Alabaina, Salaverriak lankidetza publiko-pribatuaren beharra aipatu du egokitzapenerako azkartasun hori eraginkorra izan dadin, besteak beste, Innobasque eta administrazioko eta teknologia- eta enpresa-inguruneko eragileak uztartzen dituzten beste ekimen batzuen bidez. Helburua da soluzioak, teknologiak eta talentuak bateratuta, hibridoak sortu eta “helburu komuna” lortzea, batez ere, denen konpromisoari esker.
Parte-hartzea Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Espainiako Hiri Foroaren programaren baitan antolatu duen ‘Eraldaketa digitala eta berrikuntza’ solasaldian egin du presidenteak. Atzo inauguratu zen ekitaldiaren lehenengo edizioa, eta bertan izan ziren Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchez, Sevillako alkate Juan Espadas eta Andaluziako Juntako presidente Juan Manuel Moreno Bonilla.
Adituen mahaian, Innobasqueko presidenteaz gain, honako hauek guztiak ere egon dira: Enrique Martínez Marín, Segittur-eko presidentea; David Cierco Jiménez de Parga, Alianza Digital 2030 Fundazioko zuzendari exekutiboa; Oscar Puente, Valladolideko alkatea; Francesc Boya, Erronka Demografikorako idazkari orokorra, eta Alfonso Vergara, Metrópolis Fundazioko sortzaile eta ohorezko presidentea. Moderatzaile-lanetan Red Innpulsoko idazkari tekniko Sergio Serma aritu da.
Solasaldiko parte-hartzaile guztiek hitz egin dute eragile mota ororen lankidetzaren garrantziaren inguruan, batez ere udalerrietan; izan ere, eremu horretan aukera dago enpresen eta, oro har, gizartearen premiak gertuagotik ezagutzeko, Segitturreko presidenteak azaldu duenez. Horregatik, Alianza Digital 2030 Fundazioko presidenteak adierazi du soluzioaren abiapuntua digitalizazioa eta “datuak pertsonen zerbitzura jartzea” izango dela.
“Sektore publikoaren lidergoa behar dugu, bai, baina baita sektore pribatuaren konpromisoa ere; lankidetza publiko-pribaturik gabe, ezin izango da eraginkorra eta iraunkorra izango den berrikuntza-politikarik egin”, ondorioztatu du Innobasqueko presidenteak.