Bart, Bilboko Azkuna Zentroan, TECH Friendly enpresak Vodafone Deia Innovation Sarietako “ETE berritzaileena” saria jaso zuen Manuel Salaverria Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentearen eskutik. Deiak eta Vodafonek deitzen dituzten sari horien zortzigarren edizioan lagundu du Innobasquek. Honako hauek ere saritu zituzten: Izadi Group, IMQ Taldea, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila, Elmubas Petfood Group eta Emen4Sport, start upik berritzaileena.

TECH Friendlyk 44 langile ditu (horien erdia emakumeak dira) eta berrikuntzaren, hiri‑garapen jasangarriaren eta hiriari aplikatutako teknologiaren arloak jorratzen ditu. Smart cities deiturikoetarako, hiri‑garapenerako, berrikuntzarako eta komunikaziorako konponbide estrategikoak eskaintzen dituzte, datuetan oinarrituta, lurraldeetarako eta erakunde publiko eta pribatuetarako. TECH Friendly 2017an sortu zen eta egoitza nagusia Barakaldon (Bizkaia) dauka; hala ere, bulegoak dauzka Bartzelonako Talent Garden espazioan, Valentziako weaddyou espazioan eta Sevillako Expo eraikinean. Gainera, taldearen zati batek Madrilen, Alacanten eta Eivissan egiten du lan.

Berrikuntzaren Euskal Agentziak egindako berrikuntza‑profil aurreratuaren arabera, enpresa horrek berrikuntzaren arloko liderraren profila dauka; kalifikazio hori jarduera berritzailearen plangintza sistematikoa daukaten enpresei dagokie. TECH Friendly erreferentea da sektorean eta berritzeko baliabideak eta gaitasuna ditu. Beste eragile batzuekin egiten du lan bere produktuetan, prozesuetan, eta antolatzeko edo merkatura iristeko moduan berrikuntzak ezartzeko. ETE hori, batez ere, produktu eta administrazioan, kudeaketa eta pertsonetan eta marketinean berritzeagatik nabarmentzen da.

Sari‑banaketan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburua elkarrizketatu zuen Iñaki González Noticias Taldeko zuzendari korporatiboak. “Berrikuntzak balio handiagoa ematen die gure produktuei eta ekonomia lehiakorragoa izateko gehiago inbertitu behar da berrikuntzan eta pertsonengan; ondo ordainduta egon behar baitute”, adierazi zuen.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago