Innobasque bi ekimen esperimental ari da gauzatzen egiaztatzeko ea diseinu-fasean emandako laguntzak proiektu berritzaileen kopurua eta kalitatea gehitzen duen edo ez. Horietako bat elkarlaneko I+G+b trakzio proiektu gehiago sustatzeko da, eta beste bat gizarte-berrikuntzako proiektuak sorrarazteko.
Oraingoz 32 proiektu hautatu dira: 18 I+G+b arloan elkarlaneko trakzio proiektuak dira, eta 14 gizarte-berrikuntzakoak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak kudeatzen duen Berrikuntza Funtsaren ekarpenari esker. Eredu esperimental honek eskala txikian probatzen ditu I+G+b laguntzeko programa-estrategia berriak eragin handienekoak identifikatzeko eta, honela, funts publikoei erabilera eraginkorragoa emanez politika publikoak birdiseinatzen laguntzeko. Bi ekinbide hauek Innobasquek bultzatzen duen Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planaren (ZTBP) hedapenean sartzen dira.
Abiapuntuko hipotesia da proiektuen ideiagintza-fasean emandako laguntza berezi batek proiektuen kalitatea eta kopurua gehitzea ekar dezakeela egiaztatzea.
Elkarlaneko I+G+b trakzio-proiektuen kasuan, 60 proposamen jaso ziren, eta horietatik 18 aukeratu. Zientzia- eta teknologia-bikaintasuneko ekinbideak dira Euskadi 2020 ZTBPren lehentasunen arteko intersekzioetan, 4 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dutenak, %50 baino gehiago pribatuak, euskal I+G+b-ren balio-kateko eragileak integratzen dituztenak eta nazioarteko irismena dutenak. Ekimenak harrera ona izan du bereziki klusterren artean, lankidetzako berrikuntzaren sustapen-lana errazten duelako. Oraindik abenduan abian dagoen ideiagintza-fasean, hautaturiko proposamenek beharrezko azterketa teknikoak garatu behar dituzte eta kolaboratzaileen partzuergoa sortu, baldintzak lor ditzaten tamaina handiko I+G+b finantzaketa-programez baliatzeko, adibidez, Hazitek Estrategikoa, CIEN, Retos-Colaboración edo Horizon 2020.
Gizarte-berrikuntzako proiektuen ekimenean 57 proposamen aurkeztu ziren, eta horietatik 14 aukeratu dira, erdia baino gehiago enpresa-jatorrikoak. Proiektu pilotu hauekin Europako Batzordearen eta beste administrazio batzuen I+G+b-ren finantzaketa-programetara bideratzeko beharrezko gaitasuna duten proposamenak sortzea bilatzen da. Identifikaturiko proposamenek konponbide berritzaile iraunkorrak eskaintzen dituzte Euskadik aurrean dituen gizarte-erronkak (adibidez, zahartzea, mugikortasuna edo enplegua) konpontzeko.
2018an zehar, hautaturiko 32 proiektuen bilakaera monitorizatuko da, baieztatzeko ea abiapuntuko hipotesia zuzena den bi kasuetan. Halaber, proiektuak hautatzeko eta gero monitorizatzeko bigarren eta azken fase bat garatuko da, eta finantzaketa-tresna berriak sortzearen egokitasunaz behin betiko ondorioak aterako dira.
Ikuspegi esperimental berri hau ezagutarazteko helburuaz, Innobasquek, Erresuma Batuko Nesta berrikuntza-fundazioarekin lankidetzan, prestakuntza-saioak eman dizkie Eusko Jaurlaritzako sail eta baltzu edo sozietate publikoetan berrikuntza-proiektuak kudeatzen dituzten teknikariei. Tailerren bidez erakutsi du ikuspegi honek nola hobetu dezakeen politika publikoen eraginkortasuna.