Sei osasun-esperientzia berritzaile, Gosasun-i atxikiak, protagonista izan dira “Ohitura osasungarriak sustatzea inguruan: Gosasun mugimenduaren inspirazio-esperientziak” mahaian, duela gutxi Bilbon izan den Osasunaren Sustapen Kongresuan. Gosasun mugimenduan 140 erakunde baino gehiago daude, eta ohitura osasungarriak sustatzeko 70 jarduera baino gehiago partekatzen dituzte webgune honen bidez: www.gosasun.net
- Hirigintza aktiborako esku-hartzeak: Juanma Murua aholkulari independentea da [murua]-HEK-en, eta esan zuen ingurune fisikoak (naturalak eta eraikiak) eta jendearen gizarte-inguruneak zuzenean baldintzatzen dituztela horien jarrerak eta portaerak bizi-estilo aktiboagoak edo ez hain aktiboak egiterakoan. Bere aurkezpenean Getxo eta Irun udalerrietan gauzaturiko ekinbideen adibideak jarri zituen, eta jarduera fisikoaren praktika sustatzeko egin daitezkeen esku-hartzeen adibideak ere eman zituen.
- Ermua Mugi!, ariketa fisikoa bizi-ohitura gisa benetan eta berdintasunez sartzeko tokiko komunitate-estrategia: Antton Garcíak, Ermuko Udaleko Kirol Erakundeko teknikari koordinatzaileak estrategia honen esperientzia eta lehen emaitzak aurkeztu zituen; hunkitzea du helburu, aldaketa eragin eta jarduera fisikoaren ohitura normalizatzeko, bizi-estilo aktiboak dituzten pertsonen kopuruak gehitzeko eta egoneko pertsonen kopurua murrizteko.
- Gasteizko haurren artean fruta eta barazkien kontsumoa sustatzeko programa (I. fasea): 6 eta 12 urte arteko ikasleentzako ikerketa-proiektu hau Bittor Rodríguez-ek aurkeztu zuen, EHUko Nutrizio eta Obesitate Taldeko ikertzaileak. Esku-hartze laburreko programa pilotua da (elikagaien kontsumoa aukeratzeko determinatzaileetan oinarritua: motibazioa, trebetasunak, abagunea, saria eta ereduak), eta emaitza positiboak lortu ditu fruta eta barazkiak jatea aukeratzeko determinatzaileen gainean, baita elikagai hauen kontsumorako aldez aurretiko jarreraren gainean ere, gaur egun II. fasean dagoelarik.
- Bizi Plan Osasungarria CAF-en: CAFen esperientzia osasunaren sustapenari dagokionez, laneko erizaina den Leire Makibar-ek azaldu zuen, eta nabarmendu zuen bere ustez lan-eremua oso toki egokia dela osasuna sustatzeko programa bereziak eta orokorrak garatzeko. Zehazki, dieta, jarduera fisiko eta tabakoari buruz ohitura osasungarriak sustatzeko enpresan gauzaturiko ekinbide batzuk aipatu zituen, bai banako esku-hartzeetan Prescribe Vida Saludable (Agindu Bizitza Osasungarria) komunitate-programaren bidez, eta bai taldeko jardueren bidez: langileen parte-hartzea Adegik urtero antolatzen duen enpresen lasterketan, ergonomia tailerrak, edo nutrizio-semaforoa ezartzea enpresako jangelan.
- Sorbalda osasuntsua: ERGOMIX programa, Espainiako Mercedes-Benz-ena: Alberto Sopelanak, enpresa-medikuak, sorbaldako lesioen aurrean langileak babesteko ekintzak egin beharra azpimarratu zuen. Arazoaren planteaketa integralaren bidez (Prestakuntza, Ebaluazioa eta Jarduketa langileen egoera hobetzeko eta mugimendu- eta postura-ohitura osasungarriagoak lortzeko), Mercedes-Benz-ek absentismoa %70 murriztea lortu du laneko bajetan, eta programan parte hartu dutenen %91k uste du David Spine Concept Sistema trebakuntza eraginkorra dela bizkarreko minak arintzeko neurri gisa.
- Proiektua: Elikadura osasungarria Vending-en: Bizileku ditugun inguruneek ohitura osasungarriak hartzea erraztu behar digutelako ideian oinarrituta, eta vending makinak ingurune horietako askotan daudela kontuan izanda, Innobasque lanean ari da vending bidez kontsumitzen dena elikadura osasungarriaren parte izan dadin, Mónica Pinedo, Innobasqueko proiektu-teknikariak azaldu zuen bezala. 20 erakunde baino gehiago ari dira lanean vending osasungarriagoa ezartzeko, eta proiektuaren informazio guztia ikusgai dago hemen, ezarri nahi duten beste erakunde batzuentzat.
PDF-n deskarga: Hitzaldi eta txostenen laburpen-liburua
Kongresua, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan EHUk antolatua, maiatzaren 14an eta 15ean egin zen, “Ingurune eta politika publiko osasungarriagoak lortzeko berrikuntzan” goiburupean.