Irizar-ek, INNOBASQUE-Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkide den enpresak, hiri-mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu etengabean, kamioi elektriko berritzaile bat merkaturatu du, hirietan ibil daitekeena kutsadura atmosferiko eta akustikorik eragin gabe. Ibilgailu berria, hondakinak biltzeko albotik zamatzen den karrozeria duen lehen prototipo bat, FCC Taldearekin batera garaturiko I+G proiektu baten emaitza da.
Irizar ie truck delakoak teknologia aitzindaria du, Irizar Taldearen barruan garatua eta dagoeneko autobus elektrikoentzat erabilia trakzio elektriko, energia-metatze eta kontrol-elektronikan, baita hornituriko gainerako sistemetan ere. Galgatze birsortzailearen funtzioa du kamioiak, eta horrela ahal den guztia aprobetxatzen da ibilgailuaren energia zinetikoa. Hirietan modu elektrikoan zirkula dezake eta bere autonomia luzatzeko eta lan orduak gehitzeko aukera du gas natural bidez funtzionatzen duen motor batekin.
3.500 pertsona baino gehiagoz osatua, Irizar Taldeak bere jarduera autokar eta autobusak ekoizteko bost fabrikatan egiten du: Espainia, Maroko, Brasil, Mexiko eta Hegoafrikan. 700 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa du eta 90 herrialde baino gehiagotako merkatuetan dago.