Industria de Turbo Propulsores, S.A.k (ITP) 25 urte bete ditu, eta hori ospatzeko joan zen ostiralean 1.700 pertsona bildu zituen Bilbao Exhibition Center-eko (BEC) Bizkaia Arena-n. Iñigo Urkullu lehendakariak hartu zuen parte festan, baita Ignacio Mataix eta Ricardo Martí Fluxá-k ere, ITPren lehendakariak eta zuzendari nagusiak, hurrenez hurren.
ITPren 25. urteurrenaren ospakizunak motor aeronautikoak egiten dituzten enpresen ─adibidez, Rolls-Royce, General Electric, Pratt & Whitney eta Snecma-ren─ ordezkariak bildu zituen, baita ere euskal erakundeen ordezkariak, hasiera-hasieratik proiektua bultzatu dutenak: Eusko Jaurlaritzatik Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Arantza Tapia, izan ziren; eta Bizkaiko Foru Aldunditik José Luis Bilbao ahaldun nagusia.
ITPren 25 urte
ITP Taldea 1989an sortu zen EJ200 ─Eurofighter-aren motorra, Eurojet partzuergoaren parte den─ nazioarteko programaren garapenaren harira. Programa hau Sener-ek hasi zuen, gaur egun ITPren akzio-gehiengoduna izanik %53,125ekin, eta Espainiako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan zuen. Hasieratik, Rolls-Royce-k, kapitalaren %46,875 duen akziodunak, ITPren garapena bultzatu zuen korridore bikoitzeko hegazkinen merkatu zibilean.
Gaur egun, ITP konpainia liderra da irismen globalarekin, eta goi-teknologia eta kalitateko produktuak eta zerbitzuak ematen dizkio motor aeronautiko eta industrialen merkatuari produktuaren bizi-ziklo osoan. Bere jardueren artean, motor aeronautiko eta gas-turbina aeroderibatuen diseinua, ikerketa eta garapena, fabrikazioa eta galdaketa, muntaketa eta probak egitea daude. Bestalde, euskarri-zerbitzuak ematen dizkie gaur egun munduan dauden motor-fabrikatzaile gehienei.
ITPek 3.000 profesional ditu 18 zentro operatibotan banatuta Espainia, Erresuma Batua, Malta, AEB, Mexiko, Txina eta Indian, merkatu guztia hornitzeko helburuarekin.
2013. urtean, ITPek I+G-n egindako inbertsioaren %75 produktu edo prozesuen ingurumen-alderdiak hobetzeko helburuak dituzten proiektuetan egin zituen, kontsumoa, eraginkortasuna, pisua eta turbinen zaratak hobetzera bideratuta.