FIRST LEGO League Euskadiko boluntariotzan parte hartzea esperientzia ahaztezina da. Urtero, 200 lagunek beren denbora eta gogo-berotasuna jartzen dute hezkuntza-programa hau gauzatzeko, milaka euskal gazteren interesa pizten duena zientzia eta teknologiarekiko. FIRST LEGO League Euskadirekin kolaboratzen duten boluntarioek errepikatu egiten dute urtez urte. Zientzia eta teknologia edo jende berria ezagutzea edo talentu gazteak aurkitzea gogoko badituzu, eta dibertitu nahi baduzu, emazu izena otsailaren 8a baino lehen esteka honen bidez edo ekimen hau antolatzen duen Innobasqueren webgunean.
Boluntarioek hainbat rol beteko dituzte lehiaketaren egunean; Gasteizko Europa jauregian izango da datorren otsailaren 16an. Epaileak, arbitroak, denbora-erregulatzaileak edo taldeen laguntzaileak izango dira; aurten Euskadiko 44 ikastetxetako 1.500 ikasle baino gehiago izango dira lehiaketan.
Boluntariotza da Euskadin STEAM Hezkuntzari bultzada emateko erreferentea den ekimen honen arima. Bere heterogeneotasuna du ezaugarri, irakaskuntzako, ingeniaritzako, ikerketa-munduko profesionalak edo ikasleak baitaude bertan, eta adin guztietakoak, gero eta gehiago baitira FIRST LEGO League Euskadi bizitzeko izena ematen duten adin txikikoak, arrakastatsua izan dadin laguntzeko.
Dena ezin hobeto atera dadin, Innobasquek aurretiko prestakuntza emango die pertsona hauei, EDE Fundazioaren, Hezkide Eskolaren eta Kiribil Sarearen laguntzaz.
Innobasquek antolatzen du FIRST LEGO League Euskadi, babesle hauei esker: Euskaltel Konekta Fundazioa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, MONDRAGON Korporazioa, Petronor Innovación, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Sener eta Azti-Tecnalia.