“Azken urte honetan enplegua sortu da garbi Fagor Etxetresna Elektrikoen arazoa gertatu ondoren. Ekin eta ekin, honetan jarraitu behar dugu lanean etorkizunean”, esan zuen zalantzarik gabe Javier Sotilek, Mondragon Korporazioko lehendakariak, abenduaren bukaeran 2014ko Kongresua egin zenean Donostian; bertan Taldeko 103 kooperatiben 650 ordezkari izan ziren. Biltzarrean, Sotilek “epe luzerako iraunkortasuna eta enplegu-sorrera bermatzeko proiektu sendo eta lehiakorrak izatearen garrantzia” azpimarratu zuen.
Javier Sotil, Innobasqueko lehendakariordea eta Zuzendaritza Batzordeko kidea, Kontseilu Nagusiko lehendakari izendatu zuten azaroaren 14an. Zuzendaritzako kide honek “Etorkizuneko Mondragon” aurkeztu zuen, kooperatibek oraindik zehaztu behar duten esparru proiektua, eta eredu kooperatiboa ─lankidetzan eta elkartasunean oinarritua─ sendo eta indarrean dagoelako uste osoa berresten duena. “Historikoki Mondragon-ek beste errealitate batzuek baino askoz gehiago garatu du elkartasuna, baina etorkizunean zorrotzago jokatu behar da, alegia, kooperatiba batzuetatik besteetara mugitzen den dirua eta Korporazioan ezarrita ditugun enplegu-laguntzak negozioak eraldatzeko erabili behar dira, ez etorkizunik gabeko egoerak betikotzeko. Hori funtsezko elementua da”, ohartarazi du.
“Gizarte-eraldaketaren alde egiten dugu, funtsezko elementua gure ideien artean, eta eraldaketa horrek enplegua sortzea esan nahi du”, jarraitu du, “Mondragon-en zerizan kooperatiboaz ez baitago batere zalantzarik. Hori erabat berretsi du Kongresuak. Kooperatibistak gara eta, batez ere, geure burua arrazoi juridikoaren arabera definitu ordez, gure errealitatea definitzen duten printzipioak onartzen ditugu. Printzipio eta balio hauek gaur inoiz baino gehiago daude indarrean. Munduko multinazional handiek eta mugimendu politiko askok dauzkate onartuta. Irmo sinesten dugu horietan eta horien gainean eraiki behar dugu etorkizuneko Mondragon”.
Lehendakari berriak “konfiantza, ilusioa eta baikortasuna” aipatuz bukatu zuen Kongresua, eta zera eskatu zuen: “traumak gainditzea, konplexuak kentzea eta kooperatiba talde honen eta bere pertsonen gaitasunean sinestea etorkizuna eraikitzeko”.
Mondragon Korporazioaren enpresa-jarduera euskal BPG-Barne Produktu Gordinaren %3,2 da, euskal esportazioen %12 eta Euskadiko enpleguaren %3,5. Bere aktiboak 35.011 milioi eurotan daude balioztatuta.