Zornotzako Karmengo Ama Ikastetxeko (Bizkaia), Barakaldoko Colegio El Regatoko (Bizkaia) eta Arrasateko Arizmendi Ikastolako (Gipuzkoa) taldeek FIRST LEGO LEAGUE (FLL) Euskadiko zientzia eta robotika lehiaketako seigarren edizioko lehen, bigarren eta hirugarren sariak irabazi dituzte, hurrenez hurren. Lehiaketa Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen du. Defendituriko zientzia-proiektuaren sormenagatik, diseinaturiko robotaren fidagarritasunagatik eta honela erakutsitako balioengatik sailkatu dira Espainiako finalean parte hartzeko; martxoan izango da Tenerifen. Han izango dute aukera Europako txapelketara edo Ameriketako Estatu Batuetako World Festival-era joateko, non euskal taldeek baduten esperientzia, beti lortu izan baitute nazioarteko txapelketetan parte hartzea.
FLL Euskadin parte hartu duten 10 eta 16 urte arteko ikasleez gain, Junior FLLekoen erakustaldia izan da, eta 6 eta 9 urte arteko haur hauek ere garbi erakutsi duten beraiek ere berritzaileak direla. Azalpenak eman dituzte (batzuek ingelesez) eta beren robota erakutsi dute. Guztira, 350 ikaslek hartu dute parte; ekinbide hauek euskal ikasleen zientzia eta teknologiako bokazioak sustatzen dituzte, eta beraien espiritu berritzailea elikatzen dute, kirol-ekitaldien antzeko formatu dibertigarriaren bidez.
Antolatzaileek aurten mundu osorako ─70 herrialdetan daude lehiaketak─ bota duten erronka ikaste-esperientzia nola hobetu da, eta hori talde bakoitzak aukeraturiko gai zehatz baten inguruan: matematika, jaurtiketak saskibaloian, uraren zikloa, entzumen-murrizketa duten pertsonena, etab.