Joan zen uztailean El Mundo egunkarian Alberto Bokos-ek, Innobasqueko Komunikazio eta Sozializazio zuzendariak, iritzi-artikulu bat eman zuen argitara, eta kultura berritzailea onartzearen garrantzia  azpimarratu zuen han:

“Berrikuntzak jendearen, zehatz esanda pertsona jakin batzuen, ekinbideen emaitza izaten dira, gizabanako ezberdinek gauza ezberdinak egiten dituzte-eta. Hala ere, oso zaila da sinestea berrikuntza horiek espontaneoki sortu eta garatzen direnik, batez ere ageriko gauza denean ingurune batzuk beste batzuk baino emankorragoak izaten direla berrikuntzarako.

Hori gertatzen denean, esaten dugu ingurune horiek “kultura berritzailea” dutela; eta kulturatzat ulertzen da bertan murgildurik dagoenak ia nabaritzen ez duen zera hori, arreta handiegirik jarri gabe egiten dugun guztia, gure egikerara eta pentsaerara ia automatikoki egokitzen delako normala iruditzen zaiguna. Horregatik, batzuetan portaera edo ekinbide bat bera ongi hartua izaten da testuinguru batean eta baztertua beste batean.

Zentzu honetan, kultura dira balioak, ideologia, uste sendoak, identitatea, tradizioa, sineskizunak, ohitura partekatuak. Kultura jendearen barruan bizi da, jendearen buruan eta bihotzean, eta leku horietara iristea ez da erraza, jabeek ez badute nahi.

Kultura denboran zehar eraiki da eta portaera eta ohituren bidez agertzen da. Barrutik sumatzea kostatzen den bezalaxe, oso garbi hautematen da kanpotik. Kultura berritzaileak preziatuak dira eta talentua erakartzen dute, baita inbertsioak, ospea eta abar ere.

“Kultura berritzailea” identifikatzen dugun lekuetan ezaugarri batzuk errepikatzen dira: profesionalen sormen-marjina zabaltzera jotzen da (denbora emanez), ekimen pertsonala bultzatzen da (interes propioak sustatuz), dena aurreikusteko modukoa izateari uko egiten zaio (arriskuak onartuz) eta prozesuak eta egikera aldatzeko irekitasuna egoten da (ikaskuntzaren alde egiten da).

Alderantzizko norabidean, jakina da oharkabean berrikuntza akabatzen duten lekuak ere badirela, jarduera nagusiez arduratzen direnek ez dituztelako gauzak beste era batera egin nahi, nahiz eta frogaturik egon emaitza hobeak lortu daitezkeela. Aitortu behar da berezko joera dela gauzak lehendik egin izan diren bezala eginez jarraitzea. Batez ere, egiteko era hori arrakastatsua izan baldin bada iraganean.

Halaber, adierazitakoaren logikari jarraituz, “kultura berritzailea” kontzeptuak berak badu garrantzi handiko dilema bat, egonkortasunaren ala aldaketaren arteko dilema. “Kultura berritzailea” patroi edo eredu-multzo bat bezala interpreta daiteke, ingurune jakin batean ulerkuntza eta lankidetza errazten dituena, ingurune horren beraren aldaketak eragiteko helburuarekin.

Honela, alde batetik, partekaturiko balio batzuk ditugu testuinguru zehatz baten legitimazio-eginkizuna betetzen dutenak, eta aldi berean kultura hori onartu duen eta horrekin identifikatzen den ingurune horri berorri eskatzen diogu berrikuntzak aktiba ditzala eraldaketarako. Oximoron bat?

Zalantzarik gabe, aurretiko baldintza batetik abiatu behar da, kultura partekatuaren balioa eta eragina aitortzetik.  Oso mekanismo  erabilgarria da eta arrazoia oso sinplea da: komunitatearen premiak konpontzeko eraginkorra dela erakutsi du denboran zehar. Abiapuntu partekatu horretan berrikuntza sartzen denean, taldearen esperientzia historikoaren parte bihurturik eta erronken aurrean konponbideak emateko baliozko tresna gisa onartuta, orduan hasten da oximorona konpontzen.

Baina hau ez da gertatzen fenomenoaren ulerkuntza teorikoarekin bakarrik, bere kabuz ez baikaitu berrikuntzetara eramaten. Eta berrikuntza batez ere praktika da, oso onuragarria, izatez. Praktikaren, jarrera aktiboaren eta aldaketak eragiteko estimuluaren bidez eraldatzen da kultura. Komunitatearen esperientzia propioaren bidez jo daiteke berrikuntza-prozesu guztiek berezkoa duten ziurgabetasuna murriztera. Aplikazio zabal eta askotarikoa, jarduera-eremu askotan erabiltzen dena, eta arrakastatsutzat onartuak izan diren berrikuntza-esperientzien serie luzeak sortzen dituena. Honela bidea prestatzen zaie ekinbide berriei, eta produktu, prozesu eta zerbitzu berri eta hobeak sortzeko bidea irekitzen da.

Askotan esan izan den bezala, berrikuntza lehiarako onura gisa onartzen da eta, beraz, bizi-kalitatearen berme gisa. Gizarte batek bere ongizatea mantendu edo hobetu behar badu, berrikuntza beharko du, eta egin dezakeen lehen gauza berrikuntzaren kultura sortzen saiatzea da. Bigarrena enpresak akuilatzea da, ideia berriak arrakastaz irits daitezen gizarte osora eta bere arrakastak ezagutu daitezela, urratsak eginez arriskuak identifikatzen eta saihesten zentraturiko eredutik lorpenak eta berrikuntza saritzen dituen girora.

Kultura berritzailea bultzatu behar dute berrikuntza-prozesuetan parte aktiboa hartzen dutenek. Zalantzarik gabe, administrazioari dagokio eginkizun garrantzitsua, eta horrekin batera ziurgabetasun handieneko faseetan lan egiten duten eragile guztiei; izan ere, erronkak eta joerak identifikatu arren, inbertsioek ez dituzte beti abaguneak detektatzen. Ziurgabetasun-egoeretan apustu garbia mantentzea txalogarria da, baina ez da beti ongi hartua izaten.

Beraz, berrikuntzaren kultura-estadio bat lortzera begira, beharrezkoak dira enpresa-ahalmen eta gaitasunak, baita pertsona berritzaileen rola ere, hauek baitira ekonomia, teknologia edo gizarteko erronken pertzepzioa sozializatzen duten subjektu aktiboak, eta erronka horiek gainditzeko estrategia biziak eta konponbide berriak emateko lehiatzen direnak.”

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago