Generación y Talento Behatokiak aitortza egin dio Lan Mentoring proiektuari Generacción sari baten bidez. Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatutako doako zerbitzu bat da Lan Mentoring, euskal ETE-ei langileen belaunaldi aldaketa egiten laguntzeko, betiere prozesu horretan jakintzaren transmisio egokia eginez eta enpresaren jakintza estrategikoei eutsiz.
Ekimen hori martxan jartzeko, Lanbidek eta Innobasquek ezaugarri jakin batzuk betetzen zituzten 60 enpresa txiki eta ertain aukeratu zituzten; ETE horietan funtsezko lanpostuak betetzen zituzten langileen %40 55 urtetik gorakoa zen, eta, beraz, laster beharrezkoa izango zen belaunaldi aldaketa egitea lanpostu estrategikoetan, ordezkapen soilaz gain jakintzaren transmisio egokia ere eskatzen zuten postuetan, hain zuzen.
Lekuko aldaketa egoki hori bermatzeko, programak diagnostiko bat egiten du, eta horren bidez zehazten du zein diren negozio bakoitzaren prozesu garrantzitsuenak eta haietan parte hartzen duten pertsonak. Ondoren, aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du ETE-en beharrizanak eta Lanbidek formakuntzarako, enplegua mantentzeko eta kontrataziorako dituen tresna publikoak uztartzeko. Orobat, bidean laguntza zuzena ematen die belaunaldi-aldaketaren prozesuan parte hartzen duten pertsonei. Lortutako emaitza onei esker, aurten beste 200 konpainiak izango dute aukera programa horren zerbitzua jasotzeko.
Generacción sarien bidez aitortza egiten zaie belaunaldi-arteko talentuaren kudeaketan nabarmentzen diren jardunbide onei. Sarien epaimahaian Espainiako enpresa nagusietako batzuetako giza baliabideen alorreko arduradunak eta adituak daude; besteak beste, Enagás, Mapfre, Caixabank, Naturgy, Generali, Ilunion, Sandoz Farmacéutica edo Correos Taldeko arduradun eta adituak. Helburu horretan bat datoz Lan Mentoring ekimenarekin; izan ere, biztanleriaren zahartzeak euskal enpresen lehiakortasunean izan dezakeen eraginari soluzio berritzailea emateko sortu zen programa.