Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, STEAM Sare 2023 gazteentzako lanbide-orientazioko jardunaldian parte hartu du gaur goizean, STEAM Euskadi Estrategiaren barnean. Hezkuntza Sailak antolaturiko STEAM Sare jardunaldiak Innobasqueren lankidetza eta Elhuyarren parte-hartzea du. DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta, ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea helburu duen topaketa berritzailea da. Bilbao Exhibition Centre-n, Euskadiko 14 ikastetxetako DBHko 4. mailako 800 ikasle baino gehiago bildu dira, 40 euskal enpresa eta erakundetako (enpresak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak) 90 STEM profesional ingururekin. 

Jardunaldian parte-hartzaile izan dira, halaber, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Manuel Salaverria Innobasqueko presidentea. 

Lehendakariak zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan ditu ikasleen zenbait kezka, laster beren etorkizun profesionala markatuko duen hezkuntza-ibilbidea aukeratu beharko baitute gazteok. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren bidez, STEM irakaskuntzak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika barne hartzen dituen hezkuntza) Euskadiko ikasle guztiei hurbildu nahi zaizkie, baina, bereziki, neskei, eremu profesional horietan genero-arrakala murrizteko. 

Gaur BECen burutu den STEM orientazio profesionaleko jardunaldiak bi helburu nagusi ditu: batetik, DBHko 4. Mailako gazteei ikasketa eta lanbide aukeraketan laguntzea, STEM lanbideen aniztasuna erakutsiz eta profesionalekin harreman zuzena eskainita; eta, bestetik, STEM esparruetan bokazio eta asmo profesionalak inspiratzea, neskei arreta berezia eskainiz. 

Hitzordu azkarrak eta aurkezpenak

Hasierako agurren eta Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, ikasleek gaurko jardunaldirako antolatutako bi dinamiketan parte hartu dute, 400 ikasle inguruko bi talde handitan banatuta. 

Dinamiketako bat, originalena, hitzordu azkarren formatuan oinarritu da, BECeko Luxua aretoan. Ikasleak bost laguneko taldeetan bildu dira, mahaitan eserita, eta hamabost minutuko txandak partekatu ahal izan dituzte gonbidatutako profesionalekin. Denbora horretan, profesionalek azaldu diete zein erronkari egin behar izaten dieten aurre egunero beren lanean euren enpresa edo erakundeetan. Besteak beste, Gestamp, Aernova Aerospace, Arteche, CIC EnergiGUNE, ITP Aero, Tecnalia, Mercedes-Benz, Irizar, Petronor, BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) edo EHUko ordezkariek hartu dute parte. Era berean, ikasleek planteatutako zalantzei eta galderei erantzun diete. Hamabost minutu horiek amaitzean, profesionalak txandakatu egin dira, beste ikasle talde batzuek jardunaldira hurbildu diren errealitate profesionalak ezagutzeko aukera izan zezaten. 

Aldi berean, jardunaldian parte hartu duten ikasleen beste erdia STEM arloko hainbat profesionalen aurkezpen laburretan izan da, BECeko auditorioan. Bost minutuko erakusketen bidez, hamar profesionalek modu ulerterraz eta atseginean kontatu dute beren ibilbide akademikoa eta profesionala, eta gaur egun egiten duten lana gauzatzeko motibazioak eta interes pertsonalak azaldu dituzte. Atsedenaldiaren ondoren, ikasleak dinamikaz aldatu dira: lehenik hitzordu azkarretan parte hartu dutenak aurkezpenetara joan dira, eta alderantziz. 

STEAM Sare

Gaur BECen antolatu den jardunaldia STEAM Sare programaren 2023-2024 ikasturterako jardueren barruan kokatzen da. STEAM Sare Ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen arteko sarea da, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko xedea duena. STEAM Saren antolatzen diren jarduerek eremu zientifiko eta teknologikoetan lan egiten duten profesionalekin harremanetan jartzen dituzte ikasleak. 

STEAM Euskadi Estrategiaren baitan, programa honek ikasleek Euskadin arlo zientifiko-teknologikoan ari diren enpresa eta zentro teknologikoetako eguneroko praktika profesionalak ezagutzea sustatzen du. Jarduerek enpresa eta erakunde horien lantokietara bisitak ere barne hartzen dituzten. Urte osoan zehar garatzen diren jardueren bidez, STEAM Saren parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek punta-puntako eta hainbat sektoretako euskal erakunde edo enpresetako profesionalen benetako esperientziara hurbilduko dira (energia, automobilgintza, aeroespaziala edo industriala). 

2023-2024 ikasturte honetan STEAM Saren 54 ikastetxek eta 43 erakunde laguntzailek parte hartuko dute (enpresak, unibertsitateak, lanbide-heziketako elkarteak, zentro zientifiko eta teknologikoak). Erakunde laguntzaile horien artean daude, besteak beste, CIE Automotive, Sidenor, UPV/EHU, Cikautxo, Danobat Group, Orona, DIPC (Donostia International Physics Center), Iberdrola, Ikerlan, Mercedes Benz eta Neiker.

 

Jardunaldian parte hartzen duten enpresa eta elkarteak:

–       Aernnova

–       AICE / IZEA

–       Arteche

–       AZTI

–       BCAM – Basque Center for Applied Mathematics

–       Bluetab

–       CIC energiGUNE

–       CIE Automotive

–       Cikatek

–       Elhuyar Fundazioa

–       Ertzaintza

–       Euskaltel

–       42 Urduliz

–       GAIKER Centro Tecnológico

–       Gestamp

–       Getronics

–       HETEL

–       Iberdrola

–       Ideko

–       Ikaslan Gipuzkoa

–       Ikergune

–       IMH Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusa

–       Inetum

–       Integra Tecnologías

–       Irizar

–       ITP Aero

–       Leartiker

–       Maier

–       Mercedes Benz

–       Mondragon Unibertsitatea

–       NEIKER

–       Ortovás Médica

–       Petronor

–       Tecnalia

–       Tekniker

–       Universidad Deusto

–       UPV/EHU

–       Viewnext

–       Zucchetti Software Spain

–       Zunibal

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago