Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak gaur goizean Bilboko Merkataritza Ganberan “La vigilancia para transformar a través de la innovación. ¿Te dejas llevar o te anticipas?” jardunaldian euskal enpresek etorkizunari aurrea hartzeko prospektiba‑jarduerak egiteko proiektua aurkeztu du. “Ikertzea eta ezagutzan eraldatzen den informazioa biltzea, modu egituratu eta sistematikoan, etorkizunari aurrea hartzeko erabaki estrategikoak hartzeko, prospektiba egitea da”, azaldu du.

Merkataritza Ganberak eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak batera antolatutako jardunaldian honako hauek parte hartu dute: Mikel Arieta-araunabeña, Merkataritza Ganberako idazkari nagusia; Patricia Martínez, Innobasqueko proiektuen arduraduna; Beatriz Barrio eta Xabier Tranche, Think on Marketing ETEaren bazkide fundatzaileak; eta Virginia Matesanz, Elikadura Klusterreko Berrikuntza zuzendaria.

Bai Think on Marketing enpresak eta bai Elikadura Klusterrak (biak Innobasquen kide) azaldu dute Innobasqueren “Zaintzatik prospektibara” ekimenean parte hartzeak zer abantaila duen. Ekimena aktibo dago 2019tik, eta bere helburua da prospektiba‑jardueren garapenean parte hartzen duten enpresei informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea.

Prospektiba egiten “joerak, arriskuak eta sortzen diren arazoak, horien inplikazioak eta aukerak identifikatzen eta aurreratzen dira, eta horrela, planifikazio estrategikotik ezagutza erabilgarria lortzen da. Erabaki adimentsuak hartzen eta etorkizunari forma emateko jarduten laguntzen digu”, adierazi du Bilbaok. Innobasqueko zuzendari nagusiak gogorarazi du enpresa‑sarean prospektiba‑kultura bultzatzea “plangintza- eta kudeaketa‑tresna aurreratuez hornitzea dela, erabakiak hobeto hartzeko”.

Mundua aldatu egin da pandemiaren ondorioz. Eta berriro ere aldatuko da. Horregatik, prest egon behar dugu. Prospektiba prest egoten laguntzen digun tresna da; izan ere, joerei eta aldaketei aurrea hartzeko aukera ematen digu, eta, horrela, gure lehiakideek baino lehenago aprobetxatu ahal ditugu sortzen dituzten aukerak”, esan du, amaitzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago