Joan zen uztailaren 7an egin zuen lehenengo bilera GOSASUNen gogoeta-prozesu parte-hartzailea gidatuko duen talde sustatzaileak; helburua da balioa maximizatuko duen eredu baterantz bideratzea proiektuaren bilakaera, eta sinergia eta abagune berriak identifikatzen laguntzea.
Prozesu hau Innobasque 2016 – 2020 III. Zikloaren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, aliantza publiko-pribatuaren hedapenean sakontzeko erronka planteatzen duelarik, eta hori gure bazkide-sarearen gaitasunak aktibatuz egitea.
Horregatik, Innobasqueko bazkide diren erakundeek osaturiko talde honek agentziaren bereizgarri den lauko helizearen eredua hartzen du kontuan, administrazioak, enpresak, ezagutza-zentroak eta gizartea integratuz; baita hainbat ingurunetan jarduteko gaitasuna ere ohitura osasungarriak sustatuz eta GOSASUN helburuak lortzen lagunduz; izan ere, gizarte osasuntsuagoa sortzen laguntzen duten ekinbideak sustatzen dituzten erakundeek osaturiko mugimendua da GOSASUN.
Sare honen ahalmena kolektiboaren indarrean dago, bere aniztasunean eta gaitasun berritzaileetan, partekaturik eta elkarlaneko proiektuen zerbitzura jarrita, eraldaketa sortzeko gaitasuna baitute. Hortik dator bere etorkizuna erabakiko duen prozesu honetan bere kideen parte-hartze aktiboaren eta lidergoaren garrantzia.
Lehenengo bilkura honetan tailer edo lantegi bat egin zen etapa berriko itxaropenak eta aukerak identifikatzeko, eta honako erakunde hauetako pertsonek hartu zuten parte: Bilboko Portuko Agintaritza, Irungo Udala, BC3 Basque Centre for Climate Change, Elikaduraren Clusterra, Eroski, Euskalit, Getxo Kirolak, Guggenheim Museoa, IMQ Prevención, Metro Bilbao, Nire Health, Prevencilan, Solutia eta Ulma.
Taldearen lan-planteamendua da hainbat bilera egitea urtean zehar, eta prozesuaren ondorioak abenduan zabaldu eta partekatzea, identifikaturiko jarduera-ildoak 2016-2020 epean martxan jarri ahal izan daitezen.