“Euskadik jarduera bizia du I+G+b arloan”, nabarmendu zuen Manuel Salaverriak, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak bart gauean Bilbon, Berrikuntzaren XVII. Gidaren aurkezpen-ekitaldian. Estrategia Empresarial ekonomia-egunkariak egiten du gida hori. “Europak goi-mailako berrikuntzako eskualdetzat hartzen gaitu. 2016tik gero eta inbertsio handiagoa egiten dugu I+G arloan, eta 2022an, 1.800 milioi euroko zifrara iritsi ginen, BPGd-arekiko Europako batez bestekoaren pare. Euskadin 20.000 emakume eta gizon ari dira berrikuntzan lanean, eta zientzia eta teknologia esparruetan aski egiaztatuta dago gure bikaintasuna. Europako proiektuetan, gainera, arrakastaz parte hartu dugu hainbat alditan. Laburbilduz, gure enpresak inbertsio sendoak egiten ari dira berrikuntzan”, azaldu zuen Salaverriak. Innobasqueko presidenteak deialdi bat egin zuen bere esku-hartzea ixteko: “Jarrai dezagun, Berrikuntzaren Gidaren izenburuak dion moduan, berrikuntzaren espedizio honetan, jakinik espedizio guztietan hainbat erronka daudela (badakigu zein diren), baita hainbat ziurgabetasun ere. Badugu iparrorratza. Badugu sokada. Eta baditugu jarrera eta adorea”.
Roberto Urkitzak, Estrategia Empresarial aldizkariko kontseilari ordezkariak zuzendu zuen gidaren aurkezpen-ekitaldia. Aurten, alpinismoko espedizioen eta berrikuntza-prozesuaren arteko alderaketa egiten du argitalpenak 116 orrialdetan, eta Berrikuntzaren Euskal Ekosistemako eragileak ditu protagonista.
Aurkezpenean, berrikuntzari buruzko mahai-inguru bat ere izan zen, honako hizlari hauekin: Virginia Arechavala, Ikerbasqueko ikerlaria eta Biobizkaia institutuan Gaixotasun Arraroentzako Azido Nukleiko bidezko Terapietako taldearen koordinatzailea; Eriz Sainz, BAT B Accelerator Tower-eko zuzendaria eta Juanjo San Sebastian eskalatzailea. Ekitaldia Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, itxi zuen.