Gasteizko Udalak eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, berrikuntzarekin loturiko jardunaldi bat antolatu dute ekainaren 14rako (ostirala), Gasteizko enpresa txiki eta ertainei zuzendua. Zehazki, marketinaren eta produktuaren esparruetan berrikuntza aplikatzeak zer onura eta abantaila dituen azalduko dute, era horretara enpresaren emaitzak hobetzeko eta lehiakorragoak izateko.

Hitzordua 08:30 eta 10:30 artean izango da Gamarra-Betoñoko Industrialdeko RPK  Technological Center gunean. Sarrerakoa Elen Orcolaga adituak egingo du, Eurogap Aholkularitzako zuzendariak.

Ondoren, Gasteizko hiru ETEk marketinean eta produktuan berrikuntza modu arrakastatsuan nola ezarri duten azalduko dute.

Hauek izango dira parte hartuko duten enpresak: Cefalux eta Isati Engineering Solutions, biak ingeniaritza sektorekoak, eta Kroketak.eus, elikaduraren sektorekoa. Aurkezpen horiek argi erakutsiko dute marketinaren eta produktuaren esparruko soluzio berritzaileak bideragarriak direla hainbat sektoretako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.

Interesa duen edozein ETEk har dezake parte jardunaldian, Gasteizko Udalaren webgunearen bidez aldez aurretik izena emanda. Plazak mugatuak dira.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago