Industriako kostuen erdia materialen kostua izaten da. Alderdi hau murrizteak eragin zuzena izango luke euskal industria-ETEen lehiakortasuna gehitzeko, eta horrek abantaila emango lieke lehiakideen aurrean. Hori esan da gaur Innobasquek Inguralde-rekin eta LHko Nicolas Larburu ikastetxearekin lankidetzan antolaturiko “Industria 4.0 eta Ekonomia zirkularra” jardunaldian; hau Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP) ETEen errealitatera hurbiltzen ari diren jardunaldi eta mintegi zikloaren parte da, hor dauden negozio-aukerak azalduz.
Gaurko jardunaldiaren ardatza ekosistemak izan dira, ZTB Planaren lau aukera-lurraldeetako bat, elikadura, hiri-habitat eta kultura- eta sorkuntza-industriekin batera. Lurralde hauek nitxo potentzialak dira, lurraldeari lotuak, non etorkizun hurbilean aurrerapenak espero diren.
Ekonomia zirkularra ere landu da, aukera-eremu bat baita enpresentzat. “Produktu edo zerbitzu baten ingurumen-eraginaren %80 ezabatu daiteke bere diseinuaren lehen etapan. Ekonomia Zirkularrak, beraz, ‘ekodiseinuaren’ alde egiten du, bizi-ziklo osoari eragingo diolarik”, esan du bere hitzaldian Ignacio Quintabak, Ihobeko Ekoefizientzia eta Ekodiseinu Unitatearen koordinatzaileak. Quintanak ETEak animatu ditu negozio berriak eta produktu berdeak garatzearen alde egitera, teknologia eta prozesu garbiagoak erabiltzera edo hondakinen balorizaziora, diru-sarrera berrien iturri gisa eta lehiakortasuna hobetzea lortzeko bide gisa.
Ekonomia Zirkularra, Ignacio Quintanaren arabera, sektore askotan erabil daiteke: plastiko-ekoizpenean, sektore kimikoan edo eraikuntzan, baldin eta ekodiseinuko tresnak erabiltzen badira. “Halaber, oso erabilgarria da automobilgintzan edo elikaduran, ingurumen-ospearen kasuetan. Energian, ekipamenduetan edo mantentze-lanetan ere, birmanufaktura- edo konponketa-adibideak aurki genitzake”, esan du. Berrikuntzaren adibide gisa IK Ingeniería enpresaren kasua aurkeztu da, Barakaldoko ETE hau espezializatuta dagoelarik industria-ekodiseinuaren arloan zerbitzuak eskaintzen.
Azkenik, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan ETEen eskura dauden zenbait tresna azaldu dira. Adibidez, Basque Ecodesign Hub programa, ingurumen-zaintza, lehiakortasun-zaintza, ekodiseinu eta ingurumen-ospearen arloetako bekak. Halaber, laster laguntza-programaren deialdia egingo dela aipatu da, ekodiseinu, ekoetiketa edo produktuen ingurumen-aztarna egiaztatzeko gaietarako.