Medikuntza, fisika, ingeniaritza, materialen zientziak, kimika, biokimika, genetika eta biologia molekularra dira Euskadin pisu handieneko zientzia-arloak. Banaketa hau egonkor mantendu da azken hamarkadan. Denboraldi berean hazkunderik handiena izan duten arloak gizarte-zientzia, arte, humanitate, matematika, bereziki energia, eta konputazio-zientziei buruzkoak izan dira. Joera hau antzekoa da munduko gainerako herrialdeetan. Datu hauek Ikerbasqueren 2014ko Urteko Txostenean agertzen dira jasota, non aztertzen baita “Zientziaren egoera Euskadin”.
Argitalpenean esaten da “ezagutza berriaren sorkuntza dela, erantzun gabeko galderei erantzunez, zientziaren emaitza nagusia”. Ikerbasqueren eginkizuna Euskadin zientzia-sistema indartzen laguntzea da, Europan bikaintasunerako erreferentzia bihurtuz ikerketaren eremuan. Ikerbasquek aurten Plan Estrategiko berria onartu du 2014-2017 denboraldirako, eta bertan beste 140 ikertzaile kontratatzea planteatzen da eta Euskadik munduan duen kokapena hobetzen laguntzea, zientzian erreferentziazko eskualde izan dadin.
Ikerbasqueren Zientzia Behatokiak, euskal zientziaren aurrerabidea monitorizatzen duenak, erakusten du 2014an sendotu egin zela azken urteotako joera positiboa. Beste leku batzuetakoa baino hazkunde handiagoari esker, 2013an zientzia-produkzioa mundu osokoaren %0,19koa izan zen. Produkzio hori bikoiztu egin da hamarkada batean baino gutxiagoan, %144 gehituz 2004 eta 2013 artean. Azken bort urteotako joeretan aldaketa drastikorik ez badago, datorren ekitaldian Euskadi bosgarren autonomia-erkidegoa izango da zientzia-produkzio absolutuan.
Zientziaren egoeraren beste adierazle garrantzitsu bat Euskadin bere kalitatea da, argitalpenetan duen eraginaren arabera neurtuta. Zientzia-artikuluen erdia gutxi gorabehera inpaktu handieneko aldizkarien %25ean argitaratu ziren.
Lehenengo egilea euskal erakunde bateko pertsona den argitalpenen ehunekoari dagokionez, beheranzko joera aldatu egin da azken urteotan. Euskal erakundeek parte hartu duten argitalpenetako ia %65ek erakunde honetako ikertzaile bat du lehenengo egile gisa.
Beste datu positibo bat da Euskadiko zientzia-argitalpenen ehunekoa, beste herrialde batzuetako erakundeekin lankidetzan egina, etengabe hazi dela azken hamarkadan. Hemen %10eko hazkundea nabarmendu behar da 2008tik. 2013an, Euskadiko argitalpenen %47,10 beste herrialde batzuetako erakundeekin lankidetzan egin ziren.