Europako Batzordeak aurreratu egin du nolakoak izango diren lehen bost ikerketa- eta berrikuntza-misioen lan-programak. Gaur gure lurzoruen osasuna zaintzera animatzen gaituenaz mintzatuko gara

 

Gaur, gure esparru-programaren 2. zutabean jasotako bost misioetatik azkena jorratuko dugu, zeinaren helburua den gaurtik 2030era bitartean gutxienez estatu kide bakoitzeko lurzoruen % 75 osasuntsuak izatea eta behar ditugun funtsezko zerbitzuak emateko gai izatea. Zerbitzu horiei dagokienez, ez dira soilik aintzat hartu behar gure elikaduraren % 95aren jatorria edo biodibertsitatearen funtsezko oinarria; kontuan hartu behar da, halaber, lurzoruak pentsuak, sendagaiak eta erregaiak ematen dizkigula, karbonoa biltegiratzen duela, ura iragazten duela, klima‑aldaketa atzeratzen laguntzen duela eta erresilienteagoak egiten gaituela muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean, hala nola lehorteak eta uholdeak.

Hala ere, lurzoruak oso hauskorrak dira, eta berriztaezinak. Milaka urte behar dituzte osatzeko, eta ordu gutxitan suntsi daitezke. Mehatxu asko giza jardueratik datoz (adibidez, nekazaritzako erabilera intentsiboa, urbanizazio-ereduak edo hondakinen kudeaketa), eta klima-aldaketak okertu egin du egoera. Izan ere, Batasunaren beraren arabera, Europako lurzoruen % 60 eta % 70 artean egoera osasungaitzean daude, eta urtero higadurak 1.000 milioi tona inguru suntsitzen ditu. Horrek, gutxi gorabehera, urtean nekazaritza-ekoizpenaren 1.250 milioi euroko galera dakar Batasunaren. Guztira, EBko lurzoruen degradazioarekin lotutako kostuak 50.000 milioi eurotik gorakoak dira urtean.

Beraz, lurzoruaren osasuna zaindu eta berreskuratzeak Itun Berdean planteatutako erronka nagusiak konpontzea dakar; ondorioz, sinergiak sortzen dira beste estrategia batzuekin, besteak beste biodibertsitatearen estrategiarekin, baserritik mahaira estrategiarekin, ekonomia zirkularraren ekintza-planarekin eta nekazaritza-politikarekin. Ahalegin horrek aldaketa eraldatzaileak eskatzen ditu gizartearen sektore guztietan, lurzoruaren erabilera guztietan eta eskala guztietan.

Misioaren garapena lau helburutan banatzen da, eta horiek hainbat ekintza zehatz jasotzen dituzte.

1. HELBURUA. Lurzoruarekin lotutako ezagutza sortzea

Lehen helburuak lurzoruen babesari buruzko ezagutza sortu eta partekatzeko beharra jorratzen du. Horregatik, lehen ekintza da dagoen informazioa laburtzea eta ezagutzarik gabeko arloak identifikatzea. Bigarrena izango litzateke dagoeneko baditugun ikerketa‑azpiegitura eta -plataformak aprobetxatzea (eta garatzen jarraitzea), baita horiek ikertzaileen esku jartzea ere. Hirugarren urratsean, EBk proposatzen du misioaren helburu espezifiko bakoitzaren ezagutza eta gaitasun espezifikoekin aurrera egitea, bosgarren eta seigarren ekintzetan berrikuntza-ekosistema eraikitzeko, soluzio berritzaileak azkarrago ezartzeko eta hainbat praktika, teknologia, negozio-eredu, balio-kate eta politika finkatzeko, baita EBren eta hirugarrenen arteko nazioarteko lankidetza sustatzeko ere.

2. HELBURUA. Elkarrekin berrikuntzak garatzea lurzoruaren osasuna hobetzeko

Puntu honetan, EBk zientziaren eta praktikaren arteko arrakala ezabatu nahi du berrikuntzen garapenean. Hori lortzeko, laborategi biziak sortzea planteatzen du, hau da, soluzioak frogatzeko zentroak. Toki horietan, ezagutza benetako eragina izango duen berrikuntza bihurtuko da, eta lurzoruaren kudeatzaileek eta Europa osoko beste funtsezko eragile batzuek hura asimilatzeko potentzial handia izango dute.

Laborategi horiek sortzeko, proposatzen den lehen ekintza da saioak egitea, herrialde bakoitzak bere gaitasunak eta behar espezifikoak zehazteko, misioaren helburuarekin lotuta. Ondoren, laguntza-sare bat sortuko da, non laborategiak integratuko diren informazioa errazago trukatu ahal izateko. Azkenik, nazioz gaindiko laborategiak sortzea proposatuko da.

3. HELBURUA. EBn lurzorua zaintzeko sistema integratu bat garatzea

Tamaina horretako misioa bat garatzen jarraitu ahal izateko ezinbestekoa (eta premiazkoa) da herrialdeek lurzoruak zaintzeko dituzten gaitasunak areagotzea, eta, gainera, hori modu harmonizatuan egitea, homologatzeko moduan. Puntu honetan, aurreikusitako lehen ekintza da laguntza teknikorako mekanismo bat sortzea, zaintza-jarduerak koordinatzeko. Ondoren, laguntza-talde horrek landuko dituen adierazleak zehaztu eta balioztatu beharko ditu, baita adierazle horiek aintzat hartuta lurzoruaren osasuna baloratzeko aukera ematen duten maila eta atalaseak ere. Azken urratsean, EBk lurzoruaren osasunaren zaintza-programa nazionalak sortzea sustatuko du, eta horiek lurzoruaren egoerari buruzko inkestan (LUCAS) eta EBren Lurzoruaren Behatokian sartuko dira. Lurzoruaren osasunari buruzko txosten harmonizatua eta hori egiaztatzeko ziurtagiria ere garatuko dira.

4. HELBURUA. Lurzoruaren erabiltzaileen komunitatearen eta, oro har, gizartearen konpromisoa lortzea

Misioaren laugarren helburuak herritarren inplikazioa lortu nahi du lurzoruaren eta haren osasunaren zaintzan. Horretarako, aurreikusi da gaiari buruzko hezkuntza sustatzeko ekintzak garatzea, udalerri eta eskualdeekin lankidetzan aritzea lurzoruaren osasuna zaintzeko estrategia eta ekintza propioak aktibatzeko eta sektore pribatuaren konpromisoa lortzea faktore hori enpresa-praktiketan txertatzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago