Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) 17 dira, eta horien xedea munduak gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan dituen arazoak konpontzea da datozen 15 urteetan, 2030ra arte, alegia. GIHak 2016ko irailean onartu ziren Nazio Batuen egoitzan Garapen Iraunkorreko Agenda garatzeko. Gizarte osoari ezagutarazteko eta horiek bultzatzeko ituna sortzeko, Unesco Etxeak 17 euskal erakunderen konpromisoa sustatu du. Horietako bakoitzak helburuetako bat ordezkatzen du. Innobasque 9.a bultzatzera gonbidatu dute: “Azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta iraunkorra bultzatu eta berrikuntza sustatzea”.
Atzo, ekainaren 22an, Bilbon egindako ekitaldian, euskal gizartean funtsezkoak diren eragileen konpromisoa eta atxikimendua erakutsi zen erreferente gisa jarduteko nor bere eremuan. Helburu bakoitzak aliantza-espiritu bat darama inplizitu eta funtsezko erakunde batekin sozialki partekaturiko konpromisoa. Helburuak elkar erlazionaturik daudenez, arrakastaren gakoa 17 erakundeek sorturiko sendotasuna izango da. Leire Bilbaok, Innobasqueko zuzendari nagusiak, zera errebindikatu zuen: “berrikuntza funtsezko palanka gisa, guztiona den proiektu, Herri-proiektu, honetan aurrera egiteko”.
Hona hemen GIHen eta erakundeen zerrenda:
- Pobrezia amaitzea: Caritas Bizkaia
- Zero gosea: Munduko Landa Foroa
- Osasuna eta ongizatea: Munduko Medikuak
- Kalitatezko hezkuntza: Eusko Ikaskuntza
- Genero-berdintasuna: MET Community
- Ur garbia eta saneamendua: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa
- Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea: Iberdrola
- Lan egokia eta hazkunde ekonomikoa: Novia Salcedo Fundazioa
- Industria, berrikuntza eta azpiegitura: Innobasque
- Desberdintasunak murriztea: Urbegi Taldea
- Hiri eta komunitate iraunkorrak: Deusto Cities Lab
- Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak: Eroski Fundazioa
- Klimaren aldeko ekintza: BC3
- Urpeko bizitza: Donostiako Ozeanografia Fundazioa
- Lehorreko ekosistemetako bizitza: EHUko Garapen Iraunkor eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko Unesco Katedra.
- Bakea, justizia eta erakunde sendoak: Ararteko
- Helburuak lortzeko itunak: Unesco Etxea