Manuel Salaverria Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak Innobasqueko bazkide Banco Santanderrek antolatutako “Next Generation EU Europako Funtsak. Zer dira eta nola lor ditzaket?” web-mintegian parte hartu du gaur. Bere esku-hartzean, Salaverriak baieztatu du funtsak “ETE-entzat direla” eta Euskadik proposamen bereizgarria aurkez dezake hobeto lehiatu eta horiek lortzeko”. Hala esan du honako hauekin parte hartu duen mahai-inguru batean: Zigor Urkiaga Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria, Gorka Herranz Irizar Taldeko Korporazioaren Finantza zuzendaria eta Alberto Abiega Banco Santanderko Enpresetarako merkataritza-zuzendaria.

Salaverriak gogorarazi du Euskadi berrikuntza handiko eskualdea dela eta Euskadik berrikuntzan egindako inbertsioak Europako batezbestekoa gainditu duela lehenengoz, guztion bultzadari esker. Berrikuntzaren Euskal Agentziak ere bere ekarpena egin du. Euskal ETE-ek egite duten berrikuntza da Euskadiko berrikuntzaren “zor” handia. Horregatik, azpimarratu du “ETE-ek bideak izango dituztela Next Generation EU funtsak lortzeko, enpresa handiekin batera edo proiektu estrategikoen partzuergoak sortuta. Nolanahi ere, lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa izango da funtsetara eraginkortasunez iristeko”.

Innobasqueko presidenteak azaldutakoaren arabera, “Bruselak azpimarratzen du funtsek ekonomia- eta gizarte-eragina sortu behar dutela”. Ildo horri eutsiz, bere esanetan, Innobasquek jardueren plana egingo du eragin hori lortzeko, eta neurriak ebaluatzeko metodologia garatuko da eragina ezagutze aldera.

Innobasquek garatuko dituen jarduketen artean, besteak beste, Next Generation EU proiektuen emaitza zientifiko-teknologikoak hedatzeko “erantzukizunpeko zientziarekin” zerikusia dutenak aipatu ditu, baita horien atzean dauden zientzia-langileak nahiz teknologoak ere. Ekimen hauetan herritarren partaidetza bultzatu eta talentu zientifiko eta teknologikoa sustatuko du, bereziki emakumeen artean. Era berean, enpresak gaituko ditu berrikuntza-metodologietan eta proiektuetatik gertu dauden erkidegoen eraldaketa-jarduerak abiaraziko ditu. Eta hori guztia egingo du aintzat hartuta generoaren ikuspegia eta gizarteratzea.

Jardunaldia Jordi Campàs Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak inauguratu du, eta “erronka ikaragarritzat” jo du Next Generation UE funtsen barruan Europak Espainiari esleitu dizkion 77.000 milioi euroak gauzatu eta xurgatzea, “pandemiaren aurreko BPGd-aren mailak berreskuratzeaz gain, eraldatzeko erabili behar baitira”. Gogora ekarri du funtsek ETE-entzat berariazko jarduketak dakartzatela, hala nola ETE-ei laguntzeko 5.000 milioi euroko plana. Horietatik 4.000 milioi euro enpresa txiki eta ertainek erronka digitalari aurre egiteko izango dira. Laguntzak norgehiagoka-deialdien bidez bideratuko dira, baina ETE asko ez daude ohituta halako deialdietan lizitatzera edo parte hartzera; beraz, eragile guztion lana da “funtsak konprometitu arteko hiru urteko iraupen-lasterketa” honetan parte har dezaten erraztea.

Ildo berean mintzatu da Asier González Linaza Banco Santanderko ETE-en zuzendaria. Berak azaldutakoaren arabera, “halako laguntzak lortzen dituzten ETE-en % 80 beti berdinak dira, baina dauden enpresa guztien % 9k baino ez dute lortzen”. González Linazak Banco Santanderrek duen laguntza publikoen plataforma aurkeztu du, ETE-ek erraz aurki eta kudea ditzaten euren beharretara hobekien egokitzen diren probintzietako, eskualdeetako, estatuetako eta Europako laguntza eskuragarriak.

Halaber, web-mintegian parte hartu dute Fran Azpiazu Cebek erakundeko zuzendari nagusiak, Patxi Sasigain Adegiko Lehiakortasuneko arduradunak, Juan Ugarte SEAko zuzendari nagusiak, Patricia Arias Banco Santanderko lurralde-zuzendariak, Francisco Estevan Local Europeko zuzendariak, Alfredo Garaizabal KPMGko bazkideak eta Errose Montoya Banko Santanderko Erakundeen zuzendariak.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago