Circle Economy-k Espainian hiri zirkular bati buruz egin duen lehenengo “Circle City Scan”-ak ikusizko bide-orri bat ematen du, eta bertan eragin eta aplikazio praktiko handieneko 6 estrategia identifikatzen dira Bilbon eta Bizkaian ekonomia zirkularrerantz trantsizioa sustatzeko.
Bilbok eta Bizkaiak, “Circle City Scan”-aren emaitzak aurkezten dituzte gaur: ikusizko bide-orri honetan aukera ukigarriak eta eragin handienekoak identifikatzen eta aztertzen dira ekonomia zirkularraren eredurantz trantsizioa bultzatzeko. Espainian buruturiko lehen “Circle City Scan” hau Circle Economyk, Innobasquek, Bilbao Ekintzak eta BEAZek ─Aclima, Ihobe eta Inèdit-ekin lankidetzan─ osaturiko partzuergotik sortu da.
Sei estrategia zirkular
Errealitate ekonomiko eta politikoaren, baita lurraldeko baliabide fluxuen, azterketa oso zehatz baten bidez metalaren, sukaldaritzaren eta handizkako merkataritzaren sektoreak identifikatu dira, Bilbo-Bizkaian zirkulartasuna bultzatzeko eragin handiena duten sektore gisa. Hiru hauek, batera, 137.000 lanpostu baino gehiago (%28) sortzen dituzte, 8.000 milioi euro ematen diote bertoko ekonomiari eta baliabideen erabilera osoaren %17aren erantzule dira. Aipaturiko analisitik abiatuta, “Circle City Scan” delakoak ikuspegi zirkularra garatzen du lurralderako, eta hirian materialen eta baliabideen fluxua funtsetik aldatzen duten 6 estrategia eskaintzen ditu. Ikuspegi honek sektoreen artean dagoen interkonexioa nabarmendu du eta, egiaztatu duenez, estrategia zirkularrak batzuk besteetan oinarritzen dira Bizkaiko enplegua bultzatu eta ekonomia sendotzeko.
Bilbo-Bizkaiko metal, sukaldaritza eta handizkako merkataritza sektoreak dira ekonomia zirkularrera trantsizioa egiteko ongien kokaturik daudenak
Ekonomia zirkularrerako transizioak ekintza behar du. Premisa honetatik abiatuta, ikusizko bide-orriak lan-plan praktiko eta eskalagarri bat ematen du, ahalmen eraldatzailerik handiena duten 6 proiektu pilotu inplementatzera bideraturik dagoena. Honela, adibidez, ba ote modu hoberik Bilboko metalaren sektore historikoa berpizteko eta etorkizunean goi-teknologiako zentro bihurtzeko, “fabrikazio gehigarria” deituriko prozesuaren bidez osagai metalikoak 3D-n inprimatuta baino?
“ Iritsi da sei proiektu hauek gauzatzeko unea. […] Uste dugu aukera handia dagoela baliabideen erabilera eraginkorragoa egiteko, enplegua eta hazkundea sortzeko eta soluziobide eta negozio-eredu berriak eta berritzaileak garatzeko; beraz, proiektu hauek hurrengo urratsa nola egiten duten ikusteko irrikitan gaude.”
– Lola Elejalde, Innobasqueko Prospektiba eta Nazioartekotze zuzendaria.
Birmanufakturatzeko eta ingurumen-eragin txikiagorako aukerei esker, fabrikazio gehigarria tresna ahaltsua izan daiteke Bizkaiko metalaren sektoreak ekonomia zirkularrerantz trantsizioa egiteko. Txostenean proposaturiko estrategiek hiriak eta lurraldeak jarraitu beharreko bide argia erakusten dute. Ekinbide pilotuen inplementazioa bermatzeko helburuaz, elkarlaneko proiektu honen hurrengo urratsak bertoko eragileak elkartzea eskatzen du, ekosistema zirkular bat sortu ahal izateko eta ekonomia zirkularrerantz trantsizioa bultzatzeko.
“Ikusizko bide-orri honi esker, Bilbo eta Bizkaia abangoardian kokatzen hasi dira zirkulartasunerako trantsizioan. Biak daude egoera pribilegiatuan partzuergoko bazkideen energia kapitalizatzeko eta planetaren mugen barruan jardungo duten negozio-eredu zirkular berritzaileen inplementazioan aurrera egiteko.”
– Annerieke Douma, Circle Economy-ko Programa Garapen zuzendaria.
Ekonomia postindustrialetik eredu zirkular berritzailerantz
Bilbok eta Bizkaiak ─ goi-teknologia, merkataritza eta zerbitzuetara zuzenduta bizkor berrasmatzen ari den ekonomiarekin─ aitortzen dute ekonomia zirkularra funtsezko osagaia dela etorkizun lehiakor, osasungarri eta iraunkorra sortzeko beren lurralderako. Estrategia zirkular berritzaileak martxan jartzeak aukera eman diezaieke enpresei balio berria sortzeko, baliabideak zirkulazioan mantenduz ahalik eta denborarik handienean eta lehen hondakinak zirenak input gisa erabiliz ziklo berrian. Ekonomia zirkularrak aukera ekonomiko berriak eskaintzen ditu, BPG eta enplegua bultzatzeko eta, azken batean, bai Bilbo eta bai Bizkaia erresilienteagoak izan daitezen eta etorkizunerako hobeto prestaturik egon daitezen laguntzeko.
“Bilbo-Bizkaia Proiektu Zirkularrak aukera eman digu zirkulartasun-ahalmen handiko merkatu-nitxoak eta abagune bereziak identifikatzen laguntzen duen metodologia jorratzeko.”
– Ainara Basurko Urkiri,BEAZeko zuzendari nagusia.
JAITSI BILBO-BIZKAIA PROIEKTU ZIRKULARRAREN IKUSIZKO BIDE-ORRIA