Europako I+G+b proiektuetan parte hartzeko bazkide egokiak aurkitzea ez da erraza izaten. Zailtasun hori gainditzeko, Innobasquek “Europako I+G+b Proiektuetan Euskal Parte-hartzearen Behatokia” eskaintzen du, interes komunak dituzten eta I+G+b finantzatzeko Europako programetan parte hartu nahi duten erakundeen arteko harremana errazten duen bilatzaile publikoa. Finantzaturiko proiektuak eta horien onuradun izan diren euskal erakundeak erakusten ditu zerbitzu honek. Gako-hitz, teknologia-arlo, onuradun izandako erakunde mota, lurralde historiko edo proiektu bakoitzaren esleitze-urtearen arabera bilaketak egiteko aukera ematen du bilatzaileak.
Interes komunak dituzten erakundeen arteko harremana erraztuko du zerbitzu berri honek, etorkizunerako lankidetza berriak ezar ditzaten. Gainera, Behatokiak beste gune publiko bat eskaintzen du, eta hor Innobasquek intereseko informazioa emango du argitara, HORIZON(TE) 2020 eta Euskadik programa honetan duen parte-hartzeari buruzkoa. Gainera, sarrera mugatuko eremu pribatu bat izango da Batzordeak onarturiko proiektuak dituzten erakundeentzat. Euskadi erreferentziazko eskualdea da Europako Batzordeak bere Esparru Programen bidez finantzaturiko proiektuetan parte hartzeari dagokionez, dagoeneko 300 erakunde baino gehiago daudelarik honelako proiektuetan lan egiten.
Bazkide-bilaketa errazteko, Basque Enterprise Europe Network partzuergoak ─eta hor sartuta dago Innobasque─ Mikro & Nanoteknologietan teknologia-transferentziarako Enpresa Topaketak antolatzen ditu, eta IMAGINENANO 2015 feriaren esparruan gauzatuko dira. Ekinbide honek informazio-trukea errazten du bazkide teknologiko izan daitezkeenen artean. IMAGINENANO 2013 feriaren iragan edizioan 275 negozio-harreman baino gehiago ezarri ziren, lankidetzako 149 profil teknologikorekin (eskaintzak eta eskariak) erlazionatuak, honako gai hauen inguruan eratuta: industria-manufaktura, teknologia aeroespaziala, materialen teknologia, industria kimikoa, automobilgintza eta robotika, metalaren industria, elektronika eta mikroelektronika, energia, medikuntza eta osasuna, bioteknologia, enpresa farmazeutikoak, ingurumena…