Gaur goizean, ohitura osasungarriak sustatzeko 7 ekinbidek jaso dute Gosasun zigilua. Zazpi proiektu berritzaile hauen bultzatzaileak Bilboko Portu Agintaritza, Ermuko Udala, Irungo Udala, Bridgestone Hispania, Guggenheim Bilbao, Eroski Fundazioa eta Osarten Koop. E. dira. Aitorturiko programak lantoki-, udal- eta hezkuntza-inguruneetan ezarrita daude, eta horien helburua jendearen osasuna eta ongizatea hobetzea da, elikaduraren, jarduera fisikoaren eta/edo osasun emozionalaren eremuak landuz.       

Gosasun mugimendu sozio-ekonomiko bat da, bizi-ohitura osasungarriak sustatzen dituena hiru ardatz nagusi hauen inguruan: elikadura, jarduera fisikoa eta osasun emozionala. Gosasun zigiluaz aitorturiko jarduerak  ez dira sustatzen dituzten erakundeen ohiko jardueran sartzen diren ekinbideak, eta erakunde horien erantzukizunaz haratago doaz. Era sistematikoan egiten diren programak dira eta osasunaren sustapena era integralean planteatzen dutenak.

Innobasqueko zuzendari nagusiak, Txema Villatek, gaur Gosasun zigilua eman die honako hauei:

Portu Osasuntsua lanean osasuna sustatzeko proiektua da, Bilboko Portu Agintaritzarena, langileen ongizate fisiko, mental eta soziokulturala babestu, sustatu eta bultzatuko duen langunea sortzeko.  Hori lortzeko, hainbat jarduera jarri dira martxan, adibidez, gune kardiobabestua sortzea, fruta eta elikagai osasungarriak eskura, aldizkako hitzaldiak osasunari buruzko gaien inguruan, edo paseoak sustatzea portuko instalazioetan. Guztiak daude lanean osasuna sustatzera bideratuta, lan-antolaketa eta ingurunea hobetuz, langileen parte-hartzea sustatuz, aukera osasungarriak eskainiz eta garapen pertsonala bilatzeko adore emanez.

Jarduera fisikoaren ohitura normalizatu, bizi-estilo aktiboa duten pertsonak gehitu eta egoneko bizimodua egiten dutenak murrizteko aldaketa eragiteko hunkitzea: hori da Ermuko Udalak bultzaturiko Ermua Mugi! komunitate-estrategiaren helburua.  Zehar-estrategia honek tokiko koordinazio-mahaia du, erakunde artekoa, eta jarduera fisikoaren eta kirolaren tokiko orientazio-gunea ere prestatu da. Gainera, Zirkuitu Osasungarri Adimendunen sarea sortu dute: 8 km baino gehiagoko ibilbide seinaleztatuak eta balizaz hornituak, eskumuturreko berritzaile bat erabiliz ibiltarien jarduera monitorizatzeko aukera ematen dutenak.                                                                 

Irun Sasoian komunitate-ekinbide bat da, Irungo Udala buru duena, jendearen jarduera fisikoa areagotzeko, eta pertsona aktiboa izatea erraztuko duten baldintza egokiak sortzeko. Askotariko osagaidun, diziplinarteko eta zeharretako esku-hartze honek bertako hainbat eragile inplikatzen ditu eta herritarrak ere bai, “jarduera fisikoa politika guztietan” kontzeptu pean. Ekinbide honen barruan dagoeneko 60 esku-hartze baino gehiago garatu dira iraunkortasun eta zuzentasunaren ikuspegitik. Irun Sasoian NAOS Estrategia sariarekin aitortu dute, familia eta komunitatearen eremuan jarduera fisikoaren praktika sustatzeagatik.

Bridgestone Hispania-ren  Osasuna hobetzeko plana langileen osasuna hobetzeko proiektu multidiziplinarra da. Enpresako zuzendaritzaren laguntzaz, osasun-zerbitzuak, osasunaren prebentzioaz gain, beste sustapen-ekintza batzuk planifikatu eta gauzatzen ditu, langileen egoera fisikoa, osasun emozionala eta elikadura hobetzera bideratuak. Adibidez, plan honetan zenbait ekintza sartzen dira: gimnasioa langileentzat, sorbalda zaintzeko eskola eta luzaketak, fisioterapia-zerbitzua, lesionatuari laguntza diagnosirako tresna gisa ekografia muskulu-eskeletikoa erabiliz (aitzindariak dira ekografia erabiltzen lan-eremuan), estresa eta antsietatea maneiatzeko tailerra, coaching pertsonala, menu osasungarriak jangelan edo dieta pertsonalizatuak sortzea.

Guggenheim Bilbao Museoaren OSASUN Programa museoaren plan estrategikoan sartuta dago, eta langileen eta erakundearen osasuna hobetzen lagunduko duten programen diseinu sistematikoan oinarritzen da. Borondatezko ekintza hauek lan-jatorriko arriskurik gabeko ingurune seguruak sortzera baino haratago doaz, eta aukera osasungarriak ahalbidetzen eta bultzatzen dituzten inguruneak errazten dituzte. 2014. urtean hainbat kanpaina egin dira, eta informazio-pilulak, adituek emandako prestakuntza-hitzaldiak eta balorazio-inkestak txandakatu dira. Kanpainetan jorraturiko gaiak hauek izan ziren: osasunaren zaintza, jarreren higienea/zuzenketazko gimnasia-saioak, nutrizioa eta estresa.

Oharturik haur-obesitatearen tasa hazi egin dela Espainian, Eroski Fundazioak joera hori geldiaraztearen alde egin zuen 2012an ikasleentzako Hezkuntza Programa garatuz. Programa honen helburua, “Hazteko Energia” deitua, era dibertigarrian elikadura osasuntsua sustatzea da, ariketa maiz egitea, eta Lehen Hezkuntzako haurren artean eta beraien ingurunean bizi-ohitura osasungarriak izatea. Programa honetan unitate didaktiko bat, ikasgelan emateko 8 saio independentez osatua, eta 2 lantegi praktiko daude. 2014-2015 ikasturtean, 50.000 ikasle baino gehiagok egin dute programa, eta gehiago ikasi dute elikagai-talde, piramide eta nutrizio-etiketatzeari  buruz, Mediterraneo aldeko dietaz, bertako produktuak kontsumitzearen balioaz, edo planetako elikaduraren eta iraunkortasunaren arteko loturaz.

Osartenen Enpresa Osasungarri Plana metodologia baten barne-aplikazioaren emaitza da; metodologia Enpresa Osasungarriaren diagnosia eta Ekintza Plana egiteko garatu da, Aenor eredua erreferentziatzat hartuta. Metodologia hau langileen osasuna ebaluatu eta kudeatzeko tresna da, betiere enpresaren estrategian integratuta. Talde multidiziplinar batek osasun-diagnosia egin du, eta horretarako 4 eremutako adierazleak aukeratu ditu (lan-giro fisikoa, laneko giro psikosoziala, osasun-baliabideak, eta enpresaren parte-hartzea gizartean), eta bildutako datuak aztertu eta indar-guneak eta hobekuntza-arloak ezarri ondoren, ekintza-plana sortu du eremuetako bakoitzerako ekinbide zehatzekin. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago