Gaur goizean onartu du Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2020 (ZTbP 2020), atzo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak aztertu eta Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu zuena. Euskal gizartearen ongizatea, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta enplegua hobetzea da Planaren helburua, eta hori ikerketa- eta berrikuntza-politikaren bidez, espezializazio adimendunean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren eraginkortasunaren hobekuntzan oinarritua.
ZTbPek 11.100 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua aurreikusten du 2014 eta 2020 artean. 3.677 milioi euro, inbertsio horren heren bat gutxi gorabehera, herri-administrazioen kontura izango da, eta horietatik 2.737 milioi euro Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu. Beste 6.609 milioi euro, %60 gutxi gorabehera, enpresek jarriko dituzte enpresen ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzeko. Eta gainerakoa, hau da, 814 milioi euro Europako funtsen bidez finantzatuko dira, eta enpresa multinazionalek Euskadin egindako I+G proiektuen atzipen bidez. Azken batean, 2014-2020 artean I+G+b-n inbertsio publiko-pribatua %44 gehitzea planteatzen du Planak.
Plana egiteko erreferentzia-esparrua “Europa 2020 Estrategia” eta “RIS 3 Estrategia” europar programak izan dira, hiru lehentasun ezartzen dituztelarik: energia, fabrikazio aurreratua eta biozientziak-osasuna. Eta lau aukera-eremu: nekazaritzako elikagaien industria, lurralde-plangintza, aisialdia eta kultura eta ekosistemei buruzko jarduerak.
Ildo estrategikoak 6 helburutan hedatzen dira:
- I+G+b-ko baliabideak eta inbertsioak espezializazio-eremuetan kontzentratzea: %76tik %82ra igotzea RIS3 lehentasun estrategikoekin bat egiten duen ikerketaren ehunekoa.
- Funtsezko ikerketa eta garapen esperimentala indartzea: I+G+b-ko jarduera-mixa %15era igotzea funtsezko inbertsioan, %30era industria-inbertsioan, eta %55era garapen esperimentalean (2012an erlazioa 14/47/39 zen).
- Emaitzetara bideratzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema: 4.500etik 7.500era igotzea zientzia-argitalpen indexatuak; 340tik 500era igotzea patente-eskabideak; eta %12,48tik %15era produktu berrien salmentak fakturazioan.
- Nazioarteko funts gehiago erakartzea I+G+b-rako: Atzerriko I+G+b-ren finantzaketa igotzea egungo %5etik %8ra 2020an.
- Berrikuntza egiten duten enpresen kopurua gehitzea: %45,5etik %50era igotzea 10 enplegatu baino gehiago dituzten enpresa berritzaileen kopurua, guztizkoari buruz.
- Langile ikertzaileen gaikuntza hobetzea: egungo %29tik %35era igotzea doktore diren ikertzaileen ehunekoa, langile ikertzaile guztiei buruz.
a) Euskal parte-hartzea bultzatzea H2020 programan: atzerriko I+G+b-ren finantzaketa egungo %5etik %8ra igotzea
b) I+G+b-ko Nazioarteko inbertsio pribatuak erakartzea: euskal finantzaketa 461 milioitik (%0,89) 805 milioira (%1) gehitzea esparru programako funts guztien gainean.
Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2020 prozesu parte-hartzaile baten emaitza da Eusko Jaurlaritzako sailen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluan ordezkatuta dauden eragileen artean (foru-aldundiak, hiru euskal unibertsitateak, Tecnalia eta IK4 Research Alliance, enpresa-ordezkariak, Jakiunde, Ikerbasque eta Innobasque). ZZientzia, berrikuntza eta ikerketa eremuko europar pertsona ospetsu eta eragileen ekarpenak ere izan ditu.