Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) inplementatzeko enpresen eta gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) artean itun estrategikoak sortzeak onurak ekartzen ditu inplikaturiko alde guztientzat. GKEek landa-esperientzia handia dute Latinoamerika, Afrika edo Asiako zenbait herrialdetan, beraien lanak aukera ematen baitie lehen eskutik ezagutzeko lantzen dituzten merkatuetako ezaugarriak eta premiak. Ezagutza hori enpresek balia dezakete GIHak hedatzen lagundu dezaketen produktuak eta zerbitzuak sortzeko. Hori izan da “Innobasqueren Astearteak: Garapen Iraunkorreko Helburuen inplementazioa enpresaren egunerokoan” jardunaldiaren ondorio nagusia. Ekitaldia gaur goizean izan da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, Zamudion. Bertan izan dira Javier Cortes, NBEren Global Compact Ekinbidearen koordinatzailea; Carolina Perez Toledo, Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioko (Cebek) lehendakariordea; Leire Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaria; Mikel Cepeda, LKS Arkitektura eta Ingeniaritzakoa; Nagore Larrea, Tubacex-eko Komunikazio-arduraduna; Ignacio Irígoras, Auren-eko bazkidea; Alberto Garcia Erauzkin eta Leire Bilbao, Innobasqueko presidentea eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.

 

Bere hitzaldian Cortesek, Global Impact-en arduradunetako batek, Garapen Iraunkorraren Agenda (2030), Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartua, eman du ezagutzera; Global Impact NBEren ekinbidea da mundu osoko enpresek beren estrategiak eta ekinbideak bat etorraraz ditzaten giza eskubideen printzipio unibertsalekin eta GIHen lorpenean aurrera egiteko. Agenda horren parte dira identifikaturiko 17 GIHak datozen 15 urteotan munduak dituen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arazoak konpontzeko. Asmo handiko helburu hauek lortzeko, beharrezkoa da gobernuak, sektore pribatua, mundu akademikoa eta gizarte zibila inplikatzea. Cortesek GKEen eta enpresen arteko lankidetza proposatzen du aliantza berritzaileen bidez, bi aldeentzako onurak ekarriko lituzkete-eta. 

Errealitate hori euskal enpresen egunerokotasunera hurbiltzeko moduaz hitz egin dute Cortes, Perez Toledo, Madariaga eta Garcia Erauzkinek. Horren adibide gisa, eremu honetako bi jardunbide berritzaile egokiren kasuak ezagutarazi dira.

Horietako lehenengoa LKS Arkitektura eta Ingeniaritza eta Lurgaia Fundazioaren kasua da, azken 10 urteotan gizarte-, enpresa- eta zerbitzu-eredu bat sortu baitute, beren estrategia iraunkortasunean balio erantsi handiko zerbitzuetara bideratuz, eta barruan, isurketak murriztuz CO2 isurketarik gabeko enpresa izateko helburuaz.

Tubacexek Unicefekin eta ONCE Fundazioarekin lan egiten du, bere fundazio propioaren bidez, ahaleginak gizarte-garapenera bideratuz, bere enpresa-estrategiarekin lotuta eta hiru jarduera-arlo handiren barruan proiektuak bultzatzeko bide izan dadin: Prestakuntza, Gizarte Ekintza eta Aniztasun Korporatiboa.

Azkenik, Altavoz 17ODS proiektuak 2030 Agenda eta 17 GIHen dibulgazioa bultzatzen ditu, gizarte osoaren partaidetza sustatuz helburu hauek lortzeko.

Innobasqueren Astearteak zikloan kokaturiko jardunaldi honen antolatzaileak hauek dira: Eusko Jaurlaritza, Cebek, Unesco Etxea, Ayuda en Acción, Munduko Medikuak, Mundukide, Unicef, Vicente Ferrer Fundazioa eta Innobasque.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago