2021eko uztailaren 15eko erreportajea

1. Klusterrak soluzioak garatuko ditu osasun-arriskuak arintzeko, ohitura osasungarriak sustatzeko, gaixotasunak hobeto ulertzeko eta tratatzeko edo osasun publikoko sistemak hobeto prestatuta eta jasangarriagoak izateko.

 

Batzordeak Horizon Europe egitasmoaren lehen urterako industria, digitalizazio edo energia eta garraioari buruz argitaratutako lehentasunak errepasatu ditu. Orain, berriz, osasunari buruzko klusterra landuko dugu. 2021ean egiten diren deialdietarako 1.040 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izango du.

Batzordeak argitaratutako lan-programak sei lehentasun-arlotan edo jomugatan egituratzen du 1. klusterra (destination, ingelesez), hainbat gairi buruzko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzeko, hala nola bizimodu eta jokabide osasungarriagoak aztertzea; ingurune osasungarriagoak; osasun-teknologia eraginkorragoak eta berritzaileagoak erabiltzea gaixotasunak hobeto ulertzeko eta tratatzeko; osasun-sistemen gaitasuna eta prestakuntza hobetzea agerraldi epidemikoei aurre egiteko; osasun-arreta iraunkorra, kalitate handikoa eta beti pertsonak ardatz dituena jasotzea bermatzea; teknologia digitalen potentzial osoa zabaltzea; edo osasun-teknologia berritzaileen merkaturako sarbidea erraztea.

Gogoan izan behar dugu, halaber, osasun pertsonalizatua lehentasuna dela 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, alegia, Euskadik berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzeko egiten duen apustuan. Eta gure eragile zientifiko-teknologikoek eta enpresek Europako esparru-programetan finantzatutako osasun-arloko proiektuetan duten interesa ez da berria. Innobasquen Europako I+G+b proiektuetan euskal parte-hartzea aztertzeko Behatokiaren arabera, 2014-2019 aldian, Batzordeak 166 proiektu finantzatu zituen biozientziekin eta osasunarekin lotutako euskal erakundeen partaidetzarekin, eta Horizon 2020 esparru-programaren bidez 80 milioi euro eman zizkien guztira, berrikuntzak egiteko.

Horizon Europe egitasmoko 1. klusterra osatzen duten lehentasunezko sei arloak zehaztu aurretik, gogorarazi nahi dizugu dagoeneko argitaratu direla 2021erako lehenengo deialdiak, eta ofizialki aurkeztu dituztela hilaren 2an egin zen jardunaldi birtual batean. Jardunaldi hori galdu bazenuen edo errepasatu egin nahi baduzu, saioen zerrenda eta bideoetarako estekak hemen aurki ditzakezu. Gainera, zure enpresak deialdi horietan parte hartzeko laguntza behar badu, Enterprise Europe Networkeko (EEN) euskal nodora jo dezakezu. Sare hori Batzordeak sortu du, ETE-ei berritzen eta nazioartean hazten laguntzeko. EEN Basque eskualdeko nodoa partzuergo bat da, eta Innobasque bertako kide da SPRI, BEAZ eta Araba, Bilbo eta Gipuzkoako merkataritza-ganberekin batera. Helburu du autonomia-erkidegoko enpresa txiki eta ertainek Europako finantzaketa duten programetan parte har dezaten sustatzea, zientziaren, garapen teknologikoaren eta merkatuaren zabaltzearen bidez negozio-aukera berriak aurki ditzaten merkatu bakarrean eta merkatu bakarretik kanpo.

1. LEHENTASUN-ARLOA – Osasuntsu mantentzea azkar aldatzen den gizarte batean

Batzordeak zalantzarik gabe ziurtatzen du, hainbeste eta hain azkar aldatzen den gizarte honetan, herritarrak “osasuntsu eta independente mantenduko direla bizimodu eta ingurune osasungarriagoei, ebidentzia zientifikoan oinarritutako osasun-politika hobeei eta osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko soluzio eraginkorragoei esker”. Arlo horrek gizartearentzako erronkak izango ditu ardatz, hala nola dieta eta osasuna (obesitatea), zahartzea eta demografia-aldaketa, buruko osasuna, osasunaren arloko gaikuntza digitala eta prebentzio pertsonalizatua. Ikerketak eta berrikuntzak ebidentzia, metodologia eta tresna berriak emango dituzte, osasunetik gaixotasunerako trantsizioa ulertzeko. Horri esker, estrategia eta tresna hobeak diseinatu ahal izango dira gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko. Gai hauek proposatzen dira:

  • Osasunaren eta buruko gaixotasunen ulermen molekularra eta neurobiologikorantz, herritarren eta pazienteen alde.
  • Herritarren gaikuntza digitala eta osasun-alfabetatzea babestea.
  • Prebentzio pertsonalizaturako bide-orri bat.
  • Osasun-klusterrerako Harremanetarako Puntu Nazionalen (HPN) sarea mobilizatuz.

 

2. LEHENTASUN-ARLOA – Osasuna sustatzen duen giroan bizitzea eta lan egitea

Bizi garen eta lan egiten dugun ingurunea erabakigarria da gure ongizaterako. Kalkulatzen da ingurumen-faktoreek eragiten dituztela Europako heriotza guztien ia % 20, eta iritzi-inkestek erakusten dute herritarrak kezkatuta daudela kutsadurak osasunean duen inpaktuagatik. Nolanahi ere, ez dira identifikatu osasunean (fisikoa, burukoa eta ongizatea) eragiten duten faktore guztiak, eta ez dira horien ondorioak zehazki ulertu eta zenbatu ere, datuetan oinarritutako erabaki politikoak hartzen laguntzeko. Horrenbestez, arlo horren helburua da ingurumenaren arrisku-faktore eta arrisku-faktore okupazional eta sozioekonomiko garrantzitsu edo orokortuenek gure osasunean eta ongizatean dituzten inpaktuak ulertzeko ezagutza-hutsuneak betetzea. Hori horrela, aurten ikerketa eta berrikuntza lehenetsiko dira, honako faktore hauek hobeto aztertzeko:

  • Eremu elektromagnetikoekiko esposizioa eta osasuna.
  • Barneko airearen kalitatea eta osasuna.
  • Klima-aldaketak osasunean duen inpaktua (ekintzaren eta ekintzarik ezaren kostuak eta onurak).
  • {0Substantzia Kimikoen Arriskuen Ebaluaziorako Europako Partzuergoa (PARC).

3. LEHENTASUN-ARLOA – Gaixotasunei aurre egitea eta gaixotasunaren karga murriztea.

Arlo honek honako gai hauek lantzen ditu: minbiziaren aurkako borroka; gaixotasun arraroen diagnostikoa eta tratamendua hobetzea; osasun-mehatxuen eta epidemien aurreko prestakuntza eta erantzuna; mikrobioen aurkako erresistentzia; pobreziarekin lotutako gaixotasunak; txertaketa-tasen hobekuntza; aldaketa demografikoa; buruko osasuna eta osasun-arloko gaikuntza digitala. Zehazki, jomuga horretako gaiek honako hauetarako jarduerak egiten lagunduko dute: gaixotasun horien eta haien ondorioen ezagutza hobetzea; diagnostiko-metodo hobeak izatea; zaintza-, prebentzio- eta detekzio-sistema hobeak izatea; teknologia berritzaileak garatzea hobekuntza klinikorako, edo baita medikuntza pertsonalizaturako ere; eta gaixotasun ez-infekziosoetarako eta gaixotasun arraroetarako terapia berriak izatea. Gai hauek proposatzen dira:

  • Minbizia duten pazienteen zainketa lagungarriak, aringarriak, bizirik irautekoak eta bizitzaren amaierakoak hobetzea.
  • Europako berrikuntza-plataforma bat sortzea medikamentuak birkokatzeko (konposatu bat garatzeko prozesua, beste gaixotasun batean erabiltzeko).
  • Saharaz hegoaldeko Afrikan pobreziarekin lotutako gaixotasunen ikerketa hobetzeko ikuspegi berritzaileak.
  • Tratamendu eta asistentzia medikorako adimen artifizialean oinarritutako soluzioen baliozkotze klinikoa.
  • Medikuntza pertsonalizatua eta gaixotasun infekziosoak: ostalariak birusei ematen dien banakako erantzuna ulertzea (adibidez, SARS-CoV-2).
  • Mikrobioen aurkako erresistentziari buruzko ‘One Health’ Europako partzuergoa sortzeko bide-orria (OH AMR)
  • Europako partzuergo bat sortzea pandemien aurrean prestatzeko.

4. LEHENTASUN-ARLOA – Osasun-arreta berritzaile, jasangarri eta kalitate handikoa jasotzea bermatzea

Osasun-sistemei jasangarritasun- eta erresilientzia-mugek eragiten diete, eta arazo horiek areagotu egin dira COVID-19aren krisiaren ondorioz. Gainera, krisi horrek agerian utzi ditu kalitate handiko osasun-arretako zerbitzuak eskuratzeko desberdintasunak daudela. Europar Batasunak, lehentasun-arlo horretan, hau proposatzen du: “Gure osasun-sistemak eraginkorragoak, efizienteagoak, eskuragarriagoak, zerga- eta ingurumen-ikuspuntutik jasangarriagoak eta erresilienteagoak izatea osasun publikoko larrialdiei aurre egin ahal izateko, klima-aldaketara eta antzeko ingurumen-erronketara egokitzeko eta justiziari eta gizarte-kohesioari laguntzeko”. Horrenbestez, gure osasun-sistemen eraldaketa eta modernizazioa ekonomiaren susperraldiaren etorkizuneko erronka handienetako bat izango da; aldi berean, ordea, ebidentzia sortzeko, datuetan oinarritutako berrikuntza digitala baliatzeko eta osasun-sistema malguagoak eta bidezkoagoak garatzeko aukera ere izango da. Gai hauek proposatzen dira:

  • Asistentziaren kalitatea eta pazienteen segurtasuna hobetzea.
  • Datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko tresnak, osasun-asistentzia hobetzeko eta minbizia ardatz duten politikak lantzeko.
  • Erosketa publikoko sare berritzailea osasun-sisteman.

5. LEHENTASUN-ARLOA – Tresna, teknologia eta soluzio digital berrien potentzial guztia zabaltzea gizarte osasuntsu baterako

Teknologia motor giltzarria da osasun-sektoreko berrikuntzarako. Soluzio hobeak eta errentagarriagoak eman ditzake, gizartean inpaktu handia dutenak eta, aldi berean, pertsona bakoitzaren behar espezifikoetara egokituak. Nolanahi ere, terapia, teknologia eta irtenbide digital berriek oztopo ugariri egin behar diete aurre horiek probatzeko, aplikatzeko eta zabaltzeko pazientearengana iritsi aurretik. Gainera, beste erronka batzuk ere badituzte, hala nola herritarren onarpena eta konfiantza. Sortzen ari diren teknologiek eta teknologia disruptiboek aukera handiak eskaintzen dituzte osasun-arreta eraldatzeko, eta, horrela, herritarren osasuna eta ongizatea sustatzen dute. Potentzial hori askatzea eta aukerak aprobetxatzea datu-kopuru handiak bildu, integratu eta interpretatzeko gaitasunaren mende dago, bai eta norbanakoen eta gizartearen eskubideak babestuko dituzten arau-esparruekin eta azpiegitura egokiekin bateragarriak izatea bermatzearen mende ere, eta berrikuntza sustatuko dute soluzio zirraragarriak garatzeko. Arlo horretan sostengatzen diren gaiak berrikuntza disruptiboko proiektuekin osatzen dira, eta Berrikuntzaren Europako Kontseiluaren (EIC) edo EIT Osasuna komunitatearen bidez finantza daitezke.

  • Gailu mediko adimendunak eta horien ezarpen kirurgikoa, baliabide mugatuko inguruneetan erabiltzeko.
  • Belaunaldi berriko terapia aurreratuak, prebalentzia handiko eta estali gabeko premia medikoak dituzten karga handiko gaixotasunak tratatzeko.
  • Osasun-datuak erabiltzeko eta berrerabiltzeko tresna berritzaileak (bereziki historia kliniko elektronikoak eta/edo pazienteen erregistroak).

 

6. LEHENTASUN-ARLOA – Osasun berritzaile, jasangarri eta mundu-mailan lehiakorra izango denarekin lotutako industria mantentzea

Herritarren ongizatearekin zuzenean lotuta egoteaz gain, osasuna aberastasunaren eta enplegu-sorkuntzaren nitxo garrantzitsua ere bada. Nolanahi ere, teknologia edo tratamendu berriak garatzea oso garestia eta arriskutsua da, bai eskatzen diren inbertsioengatik (batzuetan huts egiten dute), bai trantsizio ekologikoaren parte ere izan behar duten osasun-industria bateko produktuek gainditu behar dituzten kalitate- eta segurtasun-baldintza handiengatik. Hori dela eta, aurten ikerketa-ildo hauek lehenetsiko dira:

  • Ingurumena errespetatzen duten produktu farmazeutikoak.
  • Antimikrobiano berrien garapena, erosketa eta kudeaketa arduratsua.
  • Europan ‘mHealth’ etiketa fidagarria sustatzea: osasunari eta ongizateari buruzko aplikazioen kalitaterako eta fidagarritasunerako zehaztapen teknikoak ezartzea.

 

Lehen lan-programa horretaz gain, ekimen berriak ere izango ditugu, Horizon Europe egitasmoan osasun-arloko zenbait erronka landuko dituztenak; hortaz, nazioarteko lankidetzan proiektuak proposatu nahi dituzten erakundeek kontuan hartu beharko dituzte. Batetik, ‘EU-Africa Global Health’ izeneko bi partzuergo instituzionalizatu eta Innovative Health ekimena izango ditugu. Gainera, hiru partzuergo kofinantzatu izango dira: ‘Chemical risk Assessment’, ‘Health and Care Systems’ eta ‘ERA for Health’. Azkenik, Minbiziaren Misioa azpimarratu behar da; lehentasunak ditu dagoeneko zehaztuta eta misio hori arrakastatsua izateko gomendioak ere baditu. Hain zuzen, horiek ‘Minbizia garaitzea, misio posiblea‘ txostenean jasota daude.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago