Nazio Batuen Erakundeak 2019-2028 Gazteen Enpleguaren Hamarkada izendatzea da Pegasus nazioarteko kanpainaren helburua. Gazteen langabeziaren aurka borrokatzeko Novia Salcedo Fundazioaren ekinbide hau Nazio Batuek New Yorken egindako Gazteriaren Foroan aurkeztu zen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. “Erakunde-mailarik gorenean egin nahi dugu aldarri gazteen langabeziaren arazoaz. Egoera hau NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH/ODS) artean kontuan izatea nahi dugu”, azaldu zuen Helena Orella-k, Pegasus-eko koordinatzaileak.
Lanbide-integrazioaren prozesuan gazteei laguntzea du helburu Novia Salcedo Fundazioak, eta Nazio Batuen Gazte Enpleguaren hamarkada gazteentzat lan-aukera onak bilatzen dituzten erakunde eta herrialdeentzat ekonomia- eta gizarte-eraldaketarako abagune eta motor izatea espero du Fundazioak.
“Langabezia-krisi global baten erdian gaude. Gazteak dira gehien pairatzen dutenak; helduek baino hiru aldiz aukera handiagoa dute langabe egoteko. 73 milioi gazte dabiltza lan bila munduko herrialdeetan”, esan zuen foroan Ban Ki-moon-ek, Nazio Batuetako idazkari nagusiak. “Gazteak ez dira pobreziaren eta krisi ekonomikoaren biktima bakarrik; aldaketaren eragileak ere izan daitezke gazteak. Horregatik gehiago ahalegindu behar dugu gazteentzat enpleguak sortzen, eta gazte ekintzaileei lagundu behar diegu beraiek beste batzuentzat lanpostuak sor ditzaten. Mundu osoko, herrialde aberatsetako nahiz herrialde behartsuetako, gazteen ahalmena behar dugu”, esan zuen.