Berrikuntzaren Euskal Agentziako erakunde bazkideek eskura dute prestakuntza- eta informazio-saioen eskaintza berri bat RIS3 Euskadi espezializazio adimentsurako euskal estrategiak ematen dituen aukerei buruz, doakoa honako hau ere. Eusko Jaurlaritzak, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren bidez, jardunbide onen kasuak, diru-laguntzak eta laguntza-programa publikoak eta pribatuak azaltzeko ikastaroak eta jardunaldiak ere eskaintzen dizkie berrikuntzaren arloko tarteko eragileei, proiektu berritzaile gero eta gehiago aktibatzeko helburuarekin.

Doako saio hauek, ordu eta erdikoak, online modalitatean ematen dira eta Innobasqueko erakunde bazkideei eta enpresa txiki eta ertainetatik hurbilen dauden lurralde mailako eragileei bideraturik daude: tokiko garapen-agentziei, lanbide-prestakuntzako zentroei, klusterrei, merkataritza-ganberei, patronalei eta abar, hauek, aldi berean, beren eragin-esparruko enpresetara eraman ditzaten.

RIS3 Euskadi lurraldearen eraldaketa ekonomikorako estrategia da. Hala, erabilgarri dauden baliabideak I+G arloan eta berrikuntzan lehenetsitako eremu hautatuetan biltzen ditu estrategia horrek; zehazki, Euskadik enpresa-gaitasuna eta gaitasun zientifiko-teknologikoa duen esparruetan: fabrikazio aurreratuan, energian eta biozientzia eta osasunaren arloetan, hain zuzen. Horiez gain, balio erantsia, hazkundea eta enplegua sor dezaketen beste zenbait aukera-eremu ere identifikatu dira: elikadura, hiri-habitata, ekosistemak, kultura eta sormen arloko industriak…

Identifikatutako esparru tematiko horietan I+G+b kontzeptuei, aukera- eta negozio-eremuei, teknologia berritzaileei, berrikuntzarako diru-laguntzei eta laguntza-tresnei buruz bertaratuak prestatzeko helburuarekin egiten dira formakuntza-saioak. RIS3 Euskadi estrategiari loturiko berrikuntza-proiektuak sustatu dituzten euskal erakundeen jardunbide onak ere erakusten dira. Bestalde, jardunaldietan informazio zabala ematen da I+G+b arloko proiektu berriak (beti ere RIS3 esparruekin lerrokatuak) sortzeko egiten den lanari buruz eta enpresa ertain eta txikiei horretan laguntzeko dauden tresnei buruz. Prestakuntza-programari eta jardunaldiei buruzko informazioa esteka honetan duzue.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago