Ostiralean, otsailaren 24an, Innobasqueren instalazioetan Brunch and Learn izenekoa egin zen. Bertan, Mondragon Unibertsitateko irakasleak diren Noemi Zabaletak eta Javier Guallarrek zuzenduta, proiektuen kudeaketako hainbat profesionalek proiektuetako zailtasun nagusien eta emaitzetarako funtsezkoak diren faktoreen inguruan eztabaidatu zuten.
Zailtasunei dagokienez, hainbat gaiz hitz egin zuten, baina arriskuen kudeaketarena nabarmendu zuten. Arriskuen kudeaketa zailtasun bihurtzen duten kausen inguruko eztabaidan, horien kudeaketa-prozesua ez ezagutzea nabarmendu zuten.
Hala, 3 jarduera-ildo nagusi hauek zehaztu zituzten:
1. Arriskuen kudeaketaren inguruko prestakuntza.
2. Profesionalen arteko networkingeko inguruneak sortzea.
3. Zuzendaritza arriskuen kudeaketan inplikatzea pertsonak eta baliabideak horretara bideratu ahal izateko.
Bitxia dirudien arren, beste zailtasun batzuen (inguruneko aldaketak, oso espezifikoak ez diren helburuak edo behar adinakoa ez den aurrekontua, adibidez) inguruko gogoeta egitean, zailtasunak gainditzeko profesionalen arteko networkingak eta prestakuntzak zuten garrantzia nabarmendu zuten.
Hala, Innobasquek eta Mondragon Unibertsitateak bi erakunde horiek zuzentzen duten Basque Project Management plataforma bidez proiektuen kudeaketaren inguruko ezagutza partekatzen eta sortzen jarraitzeko helburua sendotu zuten. Hain zuzen ere, plataforma horretan dago jasota eztabaidatutakoaren inguruko dokumentu osoa. Gainera, bertan aurkezten dira ekimenean parte hartu zutenek zehaztutako ekintza-ildoak.
Mondragon Unibertsitatea – Proiektuak kudeatzea berritzeko. Berrikuntzaren Euskal Agentzia
Gainera, jarraian “Proiektuak kudeatzea berritzeko” jardunaldiko bideoa ikusi ahal izango duzue.
Graphic recording horrek laburbiltzen du jardunaldia (Pernan Goñiren eskutik).
Ekimeneko argazkiak, aldiz, hemen daude eskuragarri: Innobasqueren Flickr