Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, Manuel Salaverriak, atzo, hamabigarren Batzar Nagusian Prospektibako Lehen Innobasque Txostena 2019 aurkeztu zuen, bertan enpresa, erakunde, ikerketa eta gizarte arloetako 261 ordezkarik parte hartu dutelarik. Demografia-aldaketen, Txinaren gero eta protagonismo handiagoaren, klima-aldaketaren eta iraultza teknologikoaren eragina aztertzen du lanak, horiek baitira datozen hamarkadetan euskal berrikuntzaren norabidea markatuko duten munduko joera nagusiak. Horiek gure herrialdeko berrikuntzarentzat izan ditzaketen aukerak eta mehatxuak zehazten ditu aurkezturiko txostenak.

Euskadirentzat lehentasunezko bi aukera detektatu dira: digitalizatzea eta datuen garrantzia negozio-eredu eta ekoizpen-prozesu berrien lehengai gisa. Txostenak ekonomia zirkularrari eta osasuna eta gizarte-zerbitzuak planteatzeko modu berriei loturiko aukera edo abaguneak azpimarratzen ditu.

Detektaturiko mehatxuen artean, Europak berrikuntzan eta teknologian protagonismoa galtzea nabarmendu da, bereziki, Txinaren aurrean: Asiako erraldoiak jarraitzen du inbertsio handiak egiten azpiegitura, I+G, tokiko teknologia-industria eta hezkuntzan; gainera, zabaltzen ari den merkatua eta, teknologia berriei eta datu-erabilgarritasunari dagokienez, permisibitate handiagoa ditu herrialde hark.

Egoera honi gehitu behar zaizkio digitalizatzeak denborak markatzen dituen mundu baten premietara talentuaren egokitasunik eza, prezioen gorabeherak eta lehengaien hornikuntza-arazoak, hauekiko mendekotasun handia dutelarik bai Europak eta bai Euskadik.

Agertoki honetan funtsezko sei teknologia agertzen dira aukerak aprobetxatzeko eta mehatxuen eragina minimizatzeko Euskadin: big data, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, robotika, internet of things, eta sentsorika eta biosentsorika. Horien garapen eta aplikazioa lehentasunezkoak dira RIS3 espezializazio-estrategia adimendunaren eremuetan (fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna), baita Herri Administrazioetan eta oro har gizartean ere.

Prospektibako Innobasque Txostena prest dago hemen jaisteko.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago