SPRI Taldeak eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziak bidaiari ekingo diote enpresa txikienei erakusteko euren eguneroko jardunaren alor ezberdinetan berrikuntza ezartzeak beren lehiakortasuna areagotu dezakeela. Hori da, hain zuzen, Hazinnovaren helburua. Programa hori bereziki zuzendua dago aurrez berrikuntza-jardueratan aritu ez diren eta 6-99 langile dituzten ETEi. Hazinnova irailaren 19tik azaroaren 14ra bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualdeetan egingo diren ekitaldietan aurkeztuko da eta aurkezpen horietan enpresa txikietako arduradunei dei egingo zaie hiru hilabetean euren lan egiteko modua eraldatuko duen doako programa horretan parte har dezaten. 

Hazinnova programak aholkularitza zerbitzu espezializatua jarriko du ETEen esku; aholkularitza zerbitzuak enpresa bakoitzaren egoera banan-banan aztertu, lana antolatzeko edo produktu nahiz zerbitzuak merkaturatzeko bide berriak ezartzeko estrategia-ildoak finkatu eta horretarako beharrezkoa den izapide administratibo oro burutuko du dohainik. Hau da, Hazinnovan esku hartzen duen enpresak hiru hilabeteren buruan emaitzak izatea ahalbidetuko dioten neurri zehatzak, hartu ahal izango ditu, bere beharrei egokitutakoak, betiere.

 Hazinnova programan parte hartzeko interesa duten enpresek jada SPRI Taldearen spri.eus webgunearen bidez eska dezakete zerbitzu hori. Baina egitasmoa ahalik eta ETE gehinetara irits dadin, programaren arduradunak erkidegoko eskualdeetan barrena abiatuko dira hainbat aurkezpen-ekitalditan enpresetara hurbildu eta euren zalantzak zuzenean argitu asmoz.

 Aurkezpen horietako bakoitzean, Hazinnova programaren nondik norakoa ezagutzeko aukera izateaz gain, eskualdean bertan berrikuntza bultzatzeko neurriak hartu eta, horiei esker, honezkero merkatuan euren posizionatzea hobetzea lortu duten enpresen esperientzia gertutik ezagutu ahalko dute bertaratzen direnek.

Lehenbiziko aurkezpena irailaren 19 ostegunean izango da Durangaldean eta azkena, berriz, azaroaren 14an Arabako Errioxan. Bi aurkezpen horietaz gain, baieztatuta daude honako hauek: urriaren 1ean Tolosaldean; urriaren 3an Donostialdean (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia); urriaren 9an Urola-Kostan; urriaren 18an Bilbo Handian eta Debabarrenan; urriaren 24an Bilboaldean (Loiu, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu); eta urriaren 30ean Arabako Lautadan eta Bilbon. Aurkezpen horietako bakoitzaren xehetasunak eta gerora gehi daitezkeen ekitaldien xehetasunak Hazinnova-ren webgunean argitaratuko dira.

Aurkezpen horietan, Hazinnovako Eusko Jaurlaritzako, SPRI eta Innobasqueko arduradunekin batera ariko dira programa horretarako espreski sortutako sareko tokian tokiko eragileak; horien artean daude Araba eta Bilboko Merkataritza Ganberak; Energia, Aeronautika, Elikadura, Mugikortasun eta Logistika, Galdaragintza, Eraikuntza, Ingurumen eta IKT eta Teknologia sektoreetako klusterrak; ASLE lan sozietateen elkartea, Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntza, Durangaldeko enpresa-elkartea, Azaro fundazioa eta baita hiru lurraldeetako eskualdetako hogei bat garapen agentzia ere.

Hazinnova programaren aurkezpenen egitaraua:

–       Durangaldea, irailaren 19a

–       Tolosaldea, urriaren 1a

–       Donostialdea (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), urriaren 3a

–       Urola-Kosta, urriaren 9a

–       Bilbo Handia (Barakaldo), urriaren 18a

–       Debabarrena, urriaren 18a

–       Bilboaldea (Loiu, Sondika, Derio Zamudio, Lezama eta Larrabetzu), urriaren 24a

–       Arabako Lautada, urriaren 30a

–       Bilbo, urriaren 30a

–  Arabako Errioxa, azaroaren 14a

 

Informazio gehiagorako klikatu hemen

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago