Tacmon 2 tableta ikusmen-urritasuna dutenentzako da, Virtualware enpresa bizkaitarrak Hungariako Ateknea Solutions Hungary LLC-rekin lankidetzan garatua. Gailu honek beste dimentsio bat irekitzen dio pertsona hauek informazio digitala erabiltzeko aukerari, eta etorkizunean tresna elektronikoetarako aplikazioak garatzeko bidea irekitzen du.
Tacmon 2 aurreko garapen batean oinarritzen da, hark itsuei testua eta grafikoak irakurtzeko aukera ematen dielarik pantailan bolumena duten puntuak ukituz. Hasierako ikerketetan lehenengo prototipoak garatu ondoren, Hungariako enpresak bigarren ikerketa-faseari ekin zion, merkaturatzeko moduko bertsio ekonomikoagoa garatzeko. Hori lortzeko, EEN-Enterprise Europe Network-era jo zuten: 600 erakundek osaturiko sare hau 50 herrialde baino gehiagotan dago presente. Euskal nodoak Virtualware iradoki zien bazkide gisa, e-health eta serious game-etarako 3D konponbideetan eta errealitate birtualean espezializatua dagoen ETEa. Azkenean, Tacmon 2 partzuergoak 1,71 milioi euro lortu zituen Europako Batasuneko VII. Esparru Programatik, proiektu hau aurrera ateratzea lortzeko.
Virtualware oso kostu txikiko software bat garatzeaz arduratu da, monitore grafiko interaktibo taktila fabrikatzeko, informazio grafikoa eta testua erakusteko gai dena, ikusmen-urritasuna duten pertsonek kontsumitu ahal izateko. 2015. urtean merkaturatuko du Virtualwarek tresna hau.
Europako Batzordeak joan zen irailean saritu zuen proiektu hau, hain zuzen ere, Europako merkatuan arrakastaz sartzeko aukerak aprobetxatzeko gai ziren ETEek garatua zelako. Aitorpen hori EEN sareko euskal nodora ─Beaz, Innobasque, Spri eta Araba, Bilbo eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberek osatutakora─ ere zabal daiteke, Europako Batasunaren barruan enpresen arteko lankidetza euskal ETEen artean bultzatzeko egin duen ahaleginagatik.