Europako Sentinel 2A satelitea arrakastaz aireratu dute gaur goizaldera Guyana Frantsesetik. Tresna Copernicus-en parte da, Europako Batzordeak eta Europako Agentzia Espazialak (ESA) zuzendua eta Lurra behatzeko orain arte gauzatu den programarik handinahiena. Innobasqueko bi bazkide, Indra eta Sener, satelitea diseinatu eta eraiki duten 60 enpresen taldekoak dira.
Sentinel 2A-ren misioa estaldura globala egitea da eta azkar eta erraz eskuratzeko moduan informazio zehatza ematea ingurumenaren kudeaketa hobetzeko, lurraren zaintza bermatzeko, eta larrialdietan erantzuna errazteko eta segurtasunerako.
Sentinel-2A-k bereizmen handiko kamera multiespektral berritzaile bat darama; 13 kanal independente ditu eta ikuspegi berria emango du, koloretan, Lurraz eta bere landaretzaz. Misio hau 2016an osatuko da Sentinel 2B aireratzean. Sentinel 2A-rekin batera Sentinel 1.a izango da, 2 sateliteko konstelazioa osatuz orbita berean 180º banatuta, estaldurarik onena eta datuen hornikuntza hobea lortzeko. Sateliteak Lurraren inguruan dabiltza biran 100 minutu oro, eta lur-azalera osorik estaltzen dute 5 egunero.
Sener-en ekarpena ekinbide handi honetan hauxe da: bereizmen handiko tresna optiko, kamera edo MSI-rentzat kalibratze- eta obturadore-mekanismoa garatzea. Hori zuzen kalibratzeko mekanismo bat (CSM) behar da, tresna ere babesten duena. CSMek ate mugikorra du, orbitan jarduteko sistema eta jaurtitzerakoan heltzeko mekanismoa. Satelitearen kokapenagatik, eguzkiak zuzenean argi egiten badio kamerari, CSMek babestuko du.
Indra-ren kasuan, ekarpenak datuak metatzearekin du zerikusia. Honela, enpresak Sentinel-2 misioaren Irudien Prozesaketa eta Artxibo Zentro Nagusia hartuko du, eta horren eragiketaz arduratuko da. Epe luzera datuak metatzeaz ere arduratuko da Indra. Aurrez ikusiaren arabera, irudi berrien 1.000 terabyte artxibatuko dira urtero