Ulma Talde eta Cikautxo Mondragon Korporazioko kooperatibek, biak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideak, 26na milioi euroko maileguak jasoko dituzte Europako Inbertsio Bankutik (BEI), beren berrikuntza- eta hazkunde-estrategiak finantzatzeko. Finantza-laguntza hau ‘Juncker Plan’ gisa ezagutzen den Europarako Inbertsio Planean kokatzen da, eta Europako Batzordeak bultzatzen du.
Honela Ulma Taldeak bere I+G+b proiektuak inplementatuko ditu, besteak beste soluziobide berriak garatzea helburu dutenak, eraikuntzaren industria seguruagoa eta produktiboagoa izan dadin. BEIren finantzaketak lagunduko du, baita ere, Oñatiko kooperatibak inbertsio berriak egin ditzan Espainian eta Polonian, alokatzeko dituen ekipamenduak eta makinak gehitzeko eta modernizatzeko. Inbertsio hauek martxan jartzeak 300 lanpostu garbi baino gehiago sortzea ahalbidetuko du.
Bestalde, Cikautxok, automobilaren sektorerako plastikozko eta kautxuzko osagaiak ekoizten espezializatuak, ekoizpen-prozesu berriak, iraunkorragoak, inplementatuko ditu produktu berritzaileak garatzeko, horrela gutxiago kutsatuko duten ibilgailuak egin ahal izateko. Inbertsioak Berriatuan, Bizkaian, duen egoitza nagusian egingo ditu. Erregaiaren efizientzian eta automobilaren osagaien pisua arintzeko arloan ikertzea du helburu, ibilgailu elektrikoen edo gutxiago kutsatuko duten motordun ibilgailuen garapena indartzeko. Ekoizpen-prozesu berriak ezarriko ditu enpresak, kautxuaren alternatiba diren material birziklagarriekin fabrikazioa bultzatuko dutenak.