User Driven Innovation (UDI) eredua berrikuntza-prozesu egokia da, bezeroa berrikuntza-prozesuan txertatuz, negozio-aukera berriak identifikatzeko. Horrela azaldu dute Garikoitz Iruretagoiena eta Itsaso González-ek, Mondragon Unibertsitatekoak eta azaroaren 7an eta 14an Arrasaten gai honetaz emango diren esperimentazio-tailerren arduradunak. Izena emateko klik egin behar da hemen.
Zer da User Driven Innovation?
User Driven Innovation (UDI) eredua berrikuntza-prozesu bat da, non jendearen premiak, nahi eta trebetasunak abiapuntu diren negozio-aukera berriak identifikatzeko. Pertsonei buruz ari garenean, gure erakundeak eskainitako produktu edo zerbitzuarekin erlazionaturik dauden guztiei buruz ari gara, erabiltzaile eta bezeroengandik hornitzaile eta kolaboratzaileenganaino.
Berrikuntzan erreferente diren Europako zenbait naziok (Finlandia, Danimarka edo Ingalaterrak) erabiltzaileak berrikuntza-prozesuetan txertatuz lortzen diren emaitza arrakastatsuak erakutsi dituzte. Gainera, hori funtsezko zutabetzat daukate berrikuntza-estrategietan, erabiltzaileen benetako premietan zentraturiko produktu, zerbitzu eta sistemen garapena bultzatzeko. Horregatik, gero eta jende gehiago ari da UDI eredua enpresetan erabiltzen.
Zertarako balio du?
Gure berrikuntza-prozesuetan UDI eredua sartzeak, batetik, aukera ematen digu gure erabiltzaileen premiak identifikatzeko inolako interferentziarik gabe. Bestetik, premia horiek gure erakundearentzako aukera edo abagune bihurtzen laguntzen digu. Eta azkenik, produktu edo/eta zerbitzu berrien (edo hobetuen) sorkuntza bultzatzen du, balio erantsi handiagoarekin gure erabiltzaile edo bezeroentzat. Gainera, berrikuntza teknologikoaren eredu tradizionalen osagarri da, eta aldagai hedonikoak sartzen ditu, balio-pertzepzioa, bezeroaren esperientzia edo produktuarekiko lagunkoitasuna kontuan gehiago hartzen dituztenak.
Zer-nolako onurak eskaintzen ditu?
UDIren onurarik esanguratsuenetako bat da edozein erakundek erabil dezakeela metodologia hau, aparte utzita enpresa-tipologia, sektorea, jarduera, tamaina eta abar. Gainera, ez du inbertsio handirik eskatzen, ezta gaitasun teknologiko handirik ere. Berrikuntza-prozesuek areagotu egiten dute bere eraginkortasun maila eta kostuak murrizten dituzte, garapenaren lehen-lehen fasetik prototipogintza edo probatze lasterra bezalako tresnen aplikazioari esker.
Zergatik da garrantzitsua bezeroa/erabiltzailea/kontsumitzailea?
Hasteko, bezeroa/erabiltzailea/kontsumitzailea gure produktuak eta zerbitzuak erosten dituena da, eta beraz gure diru-sarreren iturria. Baina bere garrantzia urrutirago doa. Epe ertain eta luzera begiratu behar da. Gure markaren eta bezeroaren artean sortu dezakegun erlazioa eta kidetasuna gure iraupenaren gakoak dira. Gure markaren enbaxadore eta sustatzaile nagusiak dira, gure produktuak erosi, erabili, horietaz harrotu edo kexatu, horiek partekatu, mimatu edo gorrotatu egiten dituzte. Helburuetako batek gure bezeroen gogobetetzea formalizatzea izan behar du, eta hori geroago fidelizazio edo leialtasun bihurtuko da. Eta ibilbide honek guztiak etorkizuneko bezero berrienganako bidea erakutsiko digu.
Zer esan nahi du pertsonengan zentraturiko berrikuntza-metodologia izateak?
Produktu edo zerbitzuaren proposamen berritzaile batek 3 zutabetan behar du oinarria: pertsonen desiragarritasuna, teknologikoki egingarria izatea eta bideragarritasun ekonomikoa. “Pertsonengan zentraturiko berrikuntza-metodologiatik” proposatzen denak esan nahi du berrikuntza-prozesu bat hasteko abiapuntua pertsonak direla, baina beste bi zutabeak baztertu gabe. Honela lortzen da bezero eta erabiltzailearentzat produktu eta zerbitzu esanguratsuak sortzea, negozio-ikuspegitik bideragarriak eta teknologikoki egingarriak.
Norentzat dira azaroan emango dituzuen tailerrak?
Beren enpresan berrikuntza-prozesuetan parte hartzen duten pertsona guztientzat dira tailerrak, batez ere diseinu, marketin, I+G eta zuzendaritzako jendearentzat. Horiez gain, urtarriletik aurrera “in company” tailer berriak eskainiko ditugu hainbat enpresatan, sakontasun eta zehaztasun maila handiagoarekin . Tailer hauen helburuen irismena bermatzeko, funtsezkoa izango da talde multidiziplinarrekin lan egitea.
Nola sortzen da tailerrak emateko ideia?
Iaz, Gipuzkoa Ikasten duen Lurralde gisa sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Programari esker, Diseinu Berrikuntza Zentrotik diagnostikoa egin genuen diseinuaren egoeraz eta UDIz gure enpresa-ingurunean. Azterketa hori dela-eta, konturatu ginen enpresa gutxik erabiltzen zituztela tresna eta metodo egituratuak bezeroen premiak identifikatzeko edo aukerak negozio bihurtzeko.
Honela, iaz metodologia bat zehaztu genuen eta aurten hori betetzen ari gara eta ahalduntze-estrategiak zehazten, etorkizun hurbilean enpresak gai izan daitezen beren berrikuntza-prozesuetan erabiltzeko. Bigarren fase honetan ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izatea espero dugu.
Mondragon Unibertsitatean argi daukagu zein den gure eginkizuna: esperimentazioaren bidez ezagutza sortzea eta ezagutza hori transferitzea. Eta transferentzia hori gure ikasleei, gure enpresa-ehunari eta, oro har, gure gizarteari egin behar zaio. Beraz, tailer hauek gure izateko arrazoiarekin bat egiten dute zuzenean.