Xavier Verdaguer serieko ekintzailea da. Hamaika proiektutan murgilduta, San Francisco eta Bartzelona artean bizi da, beti dreamer-ez, negozio-ideia disruptiboak dituzten pertsona berritzailez inguratuta, porrot egiteko beldurrik gabe. Duela gutxi Bilbon izan zen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron II. Saria aurkeztu eta bultzatzeko, eta berrikuntza eta ekintzailetzako ekosistemak sortzeko orduan jarreraren garrantzia azpimarratu zuen. Sillicon Vallley-ren eta gure artean dagoen alde handiena “jarrera” kontua da.  “Hori albiste ona da alda daitekeelako, gure esku dagoelako”.

Zergatik ez dago hemen arrisku eta ekintzailetzaren benetako kultura? Zer alde edo ezberdintasun dago Sillicon Valley-rekin?

Sillicon Valley munduko ingurunerik berritzaileen eta ekintzaileena da duela urte askotik hona. Gurekiko alde handiena hango jendearen jarrera ekintzailea da: gehiago arriskatzen dute, arazoak aukera gisa ikusten dituzte, eta berrikuntza egiten dute porrot egiteko beldurrik gabe. Albiste onak dira horiek, jarrera aldatu egin baitaiteke, gure esku dagoen zerbait da-eta. Kontua ez da azpiegitura hobeak izatea; ez dute guk baino askoz diru gehiago inbertitzeko, ezta ere askoz unibertsitate hobeak edo talentu hobea. Ez dago alde handirik gai horietan. Nire ikuspegitik jarreran datza gakoa.

 

Zergatik arrisku kapitala ez da benetan ezartzen?

Hasteko, hemen arrisku hitza kapitalean sartzen dugu. Sillicon Valley bezalako inguruneetan venture capital deitzen da, eta horrek zerikusi handiagoa du abenturarekin, ez du konnotazio negatiborik, baizik eta izenak berak adierazten du start up-etan edo ekintzaileetan inbertitze hau abentura bat dela, ongi edo gaizki irten daitekeena, baina ez dena oso arriskutsua den zerbait bezala ikusi behar, ezta zentzu negatiboan hartu ere. Han urte gehiago daramatzate agian pertsonengan inbertitzen, ekintzaileak lider dituzten enpresetan. Hemen tradizioz , batez ere azken urteotan, higiezinen arlora joan da inbertsioa, eta agian baita Burtsara edo bankuen itzulkin ekonomikoetara ere. Baina hori zaharkituta geratu denez, hemen ere albiste onak daude: horrek esan nahi du dirua daukan jendeak gehiago inbertituko duela pertsonengan, eta hori oso gomendagarria eta errentagarria da.

Berrikuntza gehiago egiten da leku batzuetan beste batzuetan baino.

Ekosistema berritzaileek edo ekintzailetzakoek talentua dute abiapuntu, eta honetan zerikusi handia dute hezkuntza-sistemak eta unibertsitateek; bizi-kalitate ona ere badute talentu hori bertan atxikitzeko eta erreferentziazko enpresak arlo batzuetan; eta horrek guztiorrek aukerak sortzen ditu ekintzaileentzat. Ekitaldiak dituzte jendea elkarrekin harremanetan jartzeko eta inbertitzeko jendea dute. Horiek dira, labur esanda, guk hemen ere badugun ekosistema baten oinarrizko osagaiak. Horregatik, beti esaten dut berrikuntza oso ondo egiten duten ekosistemen eta gureen arteko alde ikaragarria jendearen jarrera dela. Azkenean, berrikuntzak arriskua dakar berekin eta arriskatzeko arrisku hori onartzeko jarrera izan behar duzu, baina zerbait negatibo gisa ikusi gabe.

Estatu Batuetako eta Europako gazte ekintzaileekin lan egiten du.

Esango nuke hemen burutsuagoak garela. Gure kulturan buru-argitasuna, sormena da nagusi. Ekintzaile eta enpresaburuen eredu handiak ditugu, diseinu eta sormenetik hurbil dauden arloetan arrakasta izan dutenak, modan, adibidez. Agian teknologia-profilak ez dira hemen hain nabarmenak, nahiz eta teknologia ere biziki ari den eboluzionatzen, egunetik egunera gizatiarragoa da eta geroz eta diseinu gehiago hartzen du. Teknologiaz eta etorkizunaz hitz egiten dugunean, gehiago pentsatzen dugu weareable, Gauzen Internet, diseinu, sormen eta erabiltzailearen esperientzian oso presentzia handia duten produktuetan. Hori ona da gure lanbide-profilentzat edo sortze-mailan oso indartsua den gure kulturarako.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago