2022ko martxoak 1

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak epea zabaldu du Ada Byron sariaren bederatzigarren ediziorako hautagaitzak aurkezteko. Estatu mailako sari honek, alde batetik, agerian jarri nahi du emakumeek zientziaren eta teknologiaren esparruan egiten duten lana, eta, bestetik, I + G esparruan emakumeen bokazioak sustatu. Hautagaitza aurkezteko epea apirilaren 22an, ostiralean, amaituko da. 

Ada Byron saria 2014an sortu zuen Espainian Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak. Sariak Microsoft, Bizkaiko Foru Aldundia, Danobatgroup eta Emakunde erakundeen babesa du, eta Innobasque eta Basque HealthCluster-en lankidetza. 

Sariak bi kategoria ditu: absolutua (3.000 eurokoa) eta 35 urtetik beherakoena (1.000 eurokoa). Hautagai bakoitzak bere burua aurkez dezake edo beste pertsona batek edo erakunde batek aurkez dezake.  

Deustuko Unibertsitateak Ada Byron saria nazioartekotzen jarraituko du aurten ere eta aurki zehaztuko du zein beste herrialdetan emango den saria. Epe luzera, nazioarte mailan ere eman nahi da sari bat eta horretan ari dira lanean. 

Iaz, bost herrialdetako curriculum bikaineko sei emakume teknologo saritu zituen. Honako hauek izan ziren sarituak: Valladolideko Elena García Armada, Industria Ingeniaritzako doktorea, CSICeko ikertzaile zientifikoa eta MarsiBionics-eko presidentea; Kataluniako Jordina Torrents Barrena, Pompeu Fabra Unibertsitateko doktorea adimen artifizialaren esparruan; Mexikoko Carolina Leyva Inzunza, Instituto Mexicano del Petroleo erakundeko Ingeniaritza Kimikoko Zientzietako doktorea; Argentinako Noemí Zaritzky, Elikagaien Krioteknologiako Ikerketa eta Garapen Zentroko Conicet-eko ad honorem goi-mailako ikertzailea; Uruguaiko Fiorella Haim, UdelaR-eko ingeniari elektrizista; eta, Kolonbiako Mónica Echeverry Rendón, Antioquiako Unibertsitateko bioingeniaria. 

Informazio gehiago hemen

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago